Reber, Grote
Estatubatuar astronomoa (Wheaton, Illinois, 1911 – Tasmania, 2002). Irratiastronomia alorreko ikerketen aitzindaria. Esne bideko lehenengo irrati uhin igorleen aurkitzailea. Espazioan irrati uhinak igor zitezkeelako aurkikuntza (Jansky, 1932) baliatuz, irratiteleskopio orientagarri bat eraiki zuen, 9,4 metroko antena paraboliko batekin, gertaera hori zehaztasun handiagoz ikertzeko asmoz. Zeruaren mapa irrati bat marraztu zuen, jasotako irrati uhinen arabera, eta irrati uhinen iturriak aurkitu zituen; batzuk objektu ikusgaiak ziren; beste batzuk, ez. Zenbait iturri igorle aurkitu zituen, oso ahaltsuak, Beltxarga, Zezen eta Kasiopean. Urte askotan munduko irratiastronomo bakarra izan zen, Bigarren Mundu Gerra arte. Bere aurkikuntzen bidez astronomoak haren behaketen garrantziaz jabetu ziren, eta irratiastronomia sortu zen.