Recalcati, Antonio
Italiar marrazkilaria (Milan, 1938). Recalcatiren ametsa kantari izatea zen, baina marrazkilaritzaren bidea hartu zuen. Bakarkako lehenengo erakusketa hemeretzi urte zituela egin zuen. 1959. urtetik aurrera espresionismo abstraktutik haratago aurkitu zuen Recalcatik bere bidea; egiantzekotasun handiko pintura landu zuen. 1961ean Anti-Procès 3 erakusketara gonbidatu zuten eta han Talde lan antifaxista lanean parte hartu zuen, poliziak harrapatu eta inoiz erakutsi ez zuena. Recalcatiren arrastoak, 1960-1962 lana Alain Jouffroyren liburu baten oinarri izan zen, zeinetan esaten baita pintura gizakiaren irudira mugatzen dela Recalcatiren lanetan. 1963an La Nuova Figurazione erakusketan parte hartu zuen Florentziako Strozzi jauregian, eta 1964an Pop art, Nouveau Réalisme, Nouvelle Figuration erakusketak egin zituen Berlin, Viena eta Bruselako arte modernoko museoetan, hurrenez hurren. Recalcati Milan eta Parisen bizi izan zen. Parisen Gille Aillaud eta Eduardo Arroyo ezagutu zituen eta haiekin talde lanak egiten hasi zen: Une Passion dans le désert (Grina basamortuan) eta Vivre et laisser mourir (1965, Bizi eta hiltzen utzi). Azken horrek eskandalua sortu zuen bortizkeriaz egiten zuelako Marcel Duchampen handitasunaren mitoaren kontra. Recalcati 1960ko hamarraldiko iraultza estetikoaren irudi nagusietako bat bihurtu zen. 1966an Gérard Fromanger ezagutu zuen eta hura izan zuen aldeko sutsuena Parisen. 1967an Kubako gobernuak Maiatzeko Aretoko margolariekin batera gonbidatu zuen, eta horma irudi handi batean parte hartu zuen Habanan. 1963. urteaz geroztik gurutze batekin hautsitako paisaiak, Paris eta New York gogora ekartzen zituzten irudiak, egin zituen batez ere. 1968ko maiatzeko gertaerek eragin handia izan zuten Recalcatirengan. Milana joan zen bere sail autobiografikoa egitera,1962-1972. New Yorkera 1970ean egin zuen lehenengo bidaia, eta bidaia horretan oinarrituta osatu zuen Barnealde amerikarrak saila. 1977an hainbat lan erakutsi zituen Georges-Pompidou zentroan Gillotina eta pintura gaiaren ingurukoak. 1981ean New Yorkera joan zen berriz ere, eta han beltzak eta puertoricoarrak marraztu zituen. 1986an Milanen hartu zuen bizitokia. 1989an, “Estampes et Révolution, 200 ans après” erakusketan parte hartu zuen Parisen, eta han La Mort de Marat (Maraten heriotza) lana aurkeztu zuen.