Réaumur, René Antoine Ferchault de
Frantziar fisikari eta zoologoa (Arroxela, 1683 - Saint-Julien-du-Terroux, 1757). 1730. urtean alkoholezko termometro bat egin zuen, eta termometro horrentzat bere izeneko eskala asmatu zuen. Eskala horretan uraren izozte tenperatura 0 °R da, eta uraren irakite tenperatura 80 °R; 80 zati berdinetan zatitua dago. Gaur egun baztertua dago. Réaumur-ek ospea eskala horri zor badio ere, askoz ikerketa garrantzitsuagoak egin zituen metalei eta burdin aleazioei buruz: altzairua ekoizteko sistema hobetu zuen, altzairuaren zementazioa eta suberatzea, metalen harikortasuna, kableen erresistentzia eta burdinaren imantzea aztertu zituen, metalen eraketa aztertzeko mikroskopioa erabili zuen eta metalografiaren sortzailea izan zen. Natur Zientzien alorrean animalia ornogabeen bizitza eta ohiturak aztertu zituen; aipagarriak dira muskuilu, krustazeo eta intsektuei buruz egin zituen lanak, eta azken hauen artean erleei buruz egindakoak. Obra nagusiak: Armiarmen zetaren azterketa (1710), Mémoires pour servir à l’histoire des insectes (1734-1742, Intsektuen historiarako baliagarri diren memoriak), Etxeko hegaztien hazkuntza (1749).
- Real Sociedad Bascongada de Amigos del País
- Real Sociedad
- Real Unión Club
- Reale, Miguel
- Reaney, James
- Réaumur, René Antoine Ferchault de
- Rebeka
- Rebelo, Jorge
- Reber, Grote
- Rebmann, Johannes
- Rebolledo Palafox, José