Reaney, James
Kanadar poeta eta antzerkigilea (South Easthope, Stratfford, Ontario, 1926 - 2008). Ingelesezko ikasketak egin zituen, Torontoko Unibertsitatean, eta Manitobako Unibertsitateko irakasle izan zen 1949tik 1956ra. Azkeneko urte horretan Torontora itzuli zen, bere doktorego tesia bukatzera: The influence of Spencer on Yeats. 1960an Ontario Mendebaldeko Unibertsitatean ingeleseko irakasle gisa hasi zen lanean. Gouverneur Général saria hiru aldiz jaso zuen beste hainbeste poema libururekin: The Red Heart (1949, Bihotz gorria), A suit of nettles (1958, Asunak) eta Twelve Letters to a Small Town (1962, Hamabi gurun hiri txiki bati). Kanadar literaturan, "kanadismoaren" etsai amorratuenetako bat izan zen; argi eta garbi erakutsi zuen probintzianismo horren aurkako jarrera Twelve Letters to a Small Town (1962) osatzen duten poema kateatuetan. Bere poemetan Northrop Fryeren eragina antzematen da, eta bere mundua konplexutasun alegoriko eta sinboliko handikoa da. Lanik aipagarriak ditu, aurreko horiekin batera: The dance of death at London, Ontario (1963, Herio dantza Londresen, Ontarion); Poems (1972, Olerkiak); Selected shorter poems (1975, Poema hautatu laburragoak); Selected longer poems (1976, Poema hautatu luzeagoak). Antzerki lanetan azpimarratzekoak dira Colours in the dark (1969, Koloreak ilunpetan); Listen to the wind (1972, Adi haizeari); Masks of childhood (1972, Haurtzaroko mozorroak); The Donnellys (1976); Wacousta! (1979) eta King Whistle (1980). Haurrentzat idatzia du Apple butter and other plays for Children antzerki lan saila (1973), eta eleberri bat, The boy with an R in his hand (1965, Eskuan R bat zuen mutikoa).