Ray, Nicholas
Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Galesville, 1911 - New York, 1979). Elia Kazanen eta Joseph Loseyren laguntzaile izan zen Hollywooden; 1947an filmatu zuen lehen film luzea, They Live By Night (1947, Gauez bizi dira), erromantizismo suharra eta iraultza nahia adierazten zituena. 1955 inguruan bi maisulan egin zituen: Johnny Guitar (1954), western bitxi eta erromantikoa, McCarthismoa salatzen zuena eta ospe handia eman ziona, eta Rebel Without a Cause (1955, Zergatirik gabeko matxinoa). Kolorearen maisu agertu zen garai horren ondoren produkzio handiko filmak egiteko agindua jaso zuen, eta hor hasi zen Ray-ren karreraren gainbehera. Film horietako bat egiten ari zela, 55 Days at Peking (1963, 55 egun Pekinen), bihotzekoak jota eraman zuten erietxera. Ez zuen beste filmik egin, eritasunek eta produktoreen koldarkeriak bazterturik. Wim Wenders-ek Nick’s Movie (1980, Nick-en filma) filmean jaso zituen Rayren azken urteetako bakardadea eta sufrimendua. Beste filme batzuk: Knock on Any Door (1948, Edozein ate jo), In a Lonely Place (1950, Plaza bakarti batean), The True Story of Jesse James (1956, Jesse Jamesen benetako historia), Party Girl (1958), The Savage Innocents (1960, Errugabe basatiak), Kings of Kings (1961, Erregeen errege).