Rattle, Simon Denis
Britainiar orkestra zuzendaria (Liverpool, Ingalaterra, 1955). Piano, perkusio eta orkestra zuzendaritzako ikasketak egin zituen Londresko Royal Academy of Music-en. Zuzendari gisa berehala nabarmendu zen, eta 1974an John Player Nazioarteko Zuzendari Lehiaketako lehen saria irabazi zuen. 1974-1977 bitartean Bournemouttheko Orkestra Sinfonikoko eta Sinfoniettako zuzendari laguntzaile gisa lan egin zuen, eta 1980an Birminghameko Sinfonikoko lehen zuzendari eta zuzendari artistiko izendatu zuten. Henry Wood Promenade Concerts-etan (1976) eta Glyndebourneko Jaialdian (1977) parte hartu duen zuzendari gazteena izan da. Gustav Mahler, Jean Sibelius, Igor Stravinski, Serguei Rachmaninoff eta Janácek ditu musikari kutunenak. Operan arrakasta handia izan zuen George Gershwinen Porgy and Bess-ekin (Glyndebourne, 1986), Alban Bergen Wozzeck-ekin (Los Angeles, 1988) eta Janáceken Azeri maltzurra-rekin (Covent Garden, 1990). XX. mendeko musikaren defendatzaile sutsua da, eta gehienbat egungo musikagileen obrak interpretatu ditu. Hala ere, Orchestra of the Age of Enlightment (edo Argien Mendeko Orkestra) gidatu zuen, garai hartako musika tresnekin (Idomeneo, Wolfgang Amadeus Mozart, Londres, 1987). 1987an, Glyndebourneko Jaialdian, Mozarten Figaroren ezteiak gidatu zituen orkestra horrekin; obra hura horrelako orkestra batekin jotzen zen lehen aldia izan zen. Benjamin Britten, Janácek, Gustav Mahler eta Jean Sibeliusen lanen grabazioak egin ditu, besteak beste. 1999an, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendaria izendatu zuten eta kargu horretan dihardu gaur egun ere.