Rasmussen, Steen Eiler
Daniar arkitektoa (1898-1990). Hogei urte zituela ikaskide batekin elkartuta, hirigintzako hiru lehiaketa irabazi zituen. Handik hiru urtera Danimarkako Arte Ederretako Errege Akademiako batzordeko kide bihurtu zen; garai horretan, bestalde, Italian eta Txinan barrena bidaiatu zen. Bidaia horietatik itzuli zenean hirigintzako aulkia sortu zuen Errege Akademian. Familia bakarreko etxebizitzen ikerketan aritu zen batez ere Rasmussen, Londresen 1927an egin zuen egonaldi baten ondoren bereziki. Kezka horren ondorioz, 1934an lan bat idatzi zuen: London, the Unique City (Londres, hiri berezia). Lan horretan Rasmussenek hiri sakabanatu horren merituak deskribatzen ditu eta hiri ideal gisa aurkezten du Londres. Hala, Rasmussenek Europa kontinentaleko hirien kontra egiten zuen, Parisen kontra batez ere. Arkitekto gisa klasizismoa, funtzionalismoa eta modernismoa landu zituen hurrenez hurren. Balio humanistak, erosotasuna, intimitatea nabarmentzen zituen, haren iritziz etxebizitzak bertan biziko direnen arabera eraiki behar baitira, eta ez, hortaz, kanpotik begiratzeko. 1938. urtetik aurrera irakasle gisa lan egin zuen. Hala ere, ospetsu egin zen idazle gisa eta eskema ezagun baten egile gisa: bost behatzetako plana Kopenhage handitzeko (1948). 1932-1938. urteen bitartean Kopenhageko hirigintzako bulegoko kide izan zen eta garai horretan proposatu zen, hain zuzen, hiria bost ardatzen arabera zabaltzea. 1949an Hiriak eta arkitektura lana argitaratu zuen, argitasun pedagogiko handikoa.