Rasputin, Grigori Efimovitx
Errusiar abenturazalea (Pokrovskoie, Tyumen-etik hurbil, Siberia, 1872 ? - Petrogrado, egungo San Petersburgo, 1916). Fraidea zen eta taumaturgo ospetsua. Alexandra Feodorovna enperadorearen emaztearen konfidantzazko gizona izan zen 1905. urtetik aurrera. Nikolas II.a tsarrak, Alexandra Feodorovnak erabat menderatzen zuenak, itsu-itsuan jarraitu zituen Rasputinen aholkuak, biek uste baitzuten hemofiliak jota zegoen tsarraren seme Alexis sendatu zuela. Enperadorea gizartetik bakartzea lortu zuen Rasputinek baina une latzak bizi zituen Errusiak Lehen Mundu Gerraren hasieran eta gauzak erabat nahasi ziren Rasputinek 1916an Stürmer hautagaia jarri zuenean kontseiluko lehendakari. Aginpide maila handiko pertsonek gogor kritikatu zuten erabakia, baina Nikolas II.a tsarrak ez zion uko egin Rasputinen laguntzari. Yussupov printzeak, Dimitri dukeak eta Purishkievitx diputatu eskuindarrak hil zuten Rasputin.