Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

rastafari

edo ras tafari. iz. Jamaikako eta Antilletako beste herri batzuetako higikunde erlijioso politiko beltza. Haile Selasie, Etiopiako enperadorea (ras tafari), gurtzen dute; Mesiatzat eta beltzen gidari nagusitzat Etiopiako enperadorea dute. Rastafarien arabera, beltzak israeldar berpiztuak dira eta eginiko bekatuengatik daude berak baino gutxiago diren zuri gaiztoen mendean. Beltzak Afrikara itzulita askatuko dira eta zuriak behartuko dituzte beren zerbitzura lan egitera. XX. mendearen hasieran sortu ziren rastafariak Jamaikan, erlijio ministro beltz baten inguruan, eta arrakasta izan zuen hirietako pobreen eta nekazarien artean. 1953tik aurrera gorpuztu zen Afrika alderako mugimendua, Marcus Garvey-ren inguruan. Handik aurrera gero eta konplexuago egin zen rastafarien filosofia eta Afrika alderako exodo edo itzulerako joerak era askotako adierazpide mistiko eta politikoak hartu zituen. Jamaikatik Antilla Txikietako uharteetara zabaldu ziren eta politika erreformak bultzatu dituzte batzuetan (Bishop-en alde Grenadan, adibidez). Egunoroko bizimoduan ere, berezko ohiturak bultzatu dituzte rastafariek elikaduran (barazkijaleak dira haietako asko), jazkeran eta orrazkeran (kapelu kolore-biziak; orraztu gabeko ile lohitua eta txirikordak), eta ganja (marihuana) erretzen dute. Rastafarien mistika guztiz ezaguna da gaur egun, Bob Marley rastafariak zabaldutako reggae musikari esker, batez ere.