Rastatt
edo Rastadt. Alemaniako hego-mendebaleko hiria, Baden-Wurtembergeko estatuan, Murg ibaiaren ertzean. 38.000 biztanle. Industria (garagardogintza, zurgintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) da ekonomia jarduera nagusia. v Historia. Frantsesek erre zuten hiria 1689. urtean eta Luis Gilen Baden-goak berriro eraiki zuen. Moreauk han menderatu zuen Karlos artxidukea 1796an. 1840-1892 bitarteko urteetan babesleku sendo bihurtu zuten, baina 1849an prusiarrek bereganatu zuten hiria. v Rastatt-eko bakea. Utrecht-ekoarekin batera Espainiako Erregetzarako gerrari amaiera eman ziona (1714). Villars frantsesak eta Eugenio Savoiakoak izenpetu zuten hitzarmena eta, horren ondorioz, Austriaren esku geratu ziren Espainiak Italian eta Herri Behereetan zituen lurraldeak, eta Frantziaren mende geratu ziren Alsazia eta Estrasburgo. v Rastatt-eko biltzarra. 1797-1799 urteetan Rhin ibaiaren ezkerraldearen banaketa erabakitzeko egin zen biltzarra. Austria, Prusia eta Frantziako ordezkariek hartu zuten parte, Campoformio-ko hitzarmenean erabakitakoari jarraituz, baina ez ziren akordio batera iritsi.