Rasmussen, Poul
Danimarkar politikaria (Esbjerg, 1943). Ekonomia ikasketak egin zituen Kopenhageko Unibertsitatean (1971). Ikasketak amaituta Danimarkako Sindikatu Batzordean lan egin zuen, ekonomiaren arduradun gisa, 1986. urtea arte. Hurrengo urtean Danimarkako Alderdi Sozialdemokrataren buruzagi izendatu zuten, eta 1988an, Legebiltzarreko kide. Legebiltzarreko Merkataritza, Industria eta Arrantza batzordeko zuzendaria izan zen 1988tik 1992ra. Azkeneko urte horretan bere alderdiko buruzagi nagusi izendatu zuten. Handik gutxira, Danimarkako Justizia Ministroa Sri Lankako tamil iheslarien immigrazioa eragozteko legez kontrako gertakizunetan nahasi zutelako, Lehen ministro Poul Schlÿter-ek bertan behera utzi behar izan zuen, hamar urteren ondoren, kontserbadore-liberalen gobernuaren buruzagitza. Rasmussenek bere gain hartu zuen Schlÿter-ek utzitako kargua eta lau alderdiko koalizioa eratu zuen, Alderdi Erradikaleko zazpi kideak barne. Gobernuburu gisa, bere zeregin nagusietako bat danimarkarrak -eta bere alderdikideak bereziki– Maastrichteko Itunaren alde jartzea izan zen. Erreferenduma, Maastrichteko Itunari buruz egiten zen bigarrena, irabaziz gero zergak berrikusiko zirela agindu zuen. Hautesleen % 86k eman zuen botoa, eta aldekoek aise irabazi zuten.