Ramon Berenguer
Bartzelonako lau konderen izena. v Ramon Berenguer I.a (Zaharra deitua). Bartzelonako kondea 1035-1076 bitartean (1024 - 1076). Berenguer Ramon I.aren semea eta ondorengoa izan zen. Oledorla eta Ausonako konderriak eskuratu zituen, musulmanen aurka borrokatu zen eta Pirinioz haraindiko lur batzuk bereganatu zituen. Haren garaikoa da lege eta ohitura zaharren bilduma (Usatges). Ramon Berenguer II.a eta Berenguer Ramon II.a seme bikiak izan ziren bere ondorengoak. v Ramon Berenguer II.a (Cap d’estopes deitua). Bartzelonako kondea 1076-1082 bitartean (1053 - Gualba, Girona, 1082). Ramon Berenguer I.aren semea zen eta Berenguer Ramon II.a anaia bikiarekin batera gobernatu zuen. Liskar asko izan zituzten elkarren artean eta badirudi anaiak hil zuela ehizaldi batean. v Ramon Berenguer III.a (Handia deitua). Bartzelonako kondea 1096-1131. urteetan eta Proventzakoa 1112-1131 bitartean (1082 - 1131). Ramon Berenguer II.aren semea zen. Proventzako printzesarekin ezkondu zen eta lurralde batzuk eskuratu zituen Okzitanian eta Proventzan, ezkontza hari esker. Balearretako piratak eta Valentziako mairuak menderatu zituen, baina almorabiarrek garaitu zuten Corbins-en. v Ramon Berenguer IV.a (Santua deitua). Bartzelonako kondea 1131-1162 bitartean, Aragoiko printzea 1137-1162 urteetan eta Proventzako markesa 1144-1162 bitartean (1114 - San Dalmazioko gotorlekua, Piemonte, 1162). Petronila Aragoiko printzesarekin ezkondu zen 1137an. Musulmanak Kataluniatik kanpora egotzi zituen, Tortosa (1148), Lleida (1149), Fraga eta Mequinença hartu ondoren. Tolosako kondeen aurka borrokatu zen, bere iloba Ramon Berenguer Proventzakoaren alde.