Ramos Uranga, Gabriel
Bizkaitar pintore eta grabatzailea (Bilbo, 1939 - Bilbo, 1995). Arkitektura ikasketak Bartzelonan egin ondoren, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen 1965etik aurrera. Urtebete lehenago egina zuen bere lehenengo bakarkako erakusketa Bilbon. Grabatu ikasketak egin zituen Cuencan, eta 1972an Armintzan jarri zuen bere aurreneko grabatu lantegia. 1986an Marrazarri lantegi litografikoa ireki zuen, eta lan garrantzitsua egin zuen bertan grabatuaren alorrean. 1985ean grabatu saileko Gure Artea saria eskuratu zuen, eta hurrengo urtean pinturari zegokiona. Urte berean eskuratu zuen, halaber, Bizkaiartea Grabatu eta Pintura saria. 1980tik aurrera kolorezko aguafortearekin hasi zen lanean, eta erakusketa ugari egin zituen hamarkada horretan Bilboko eta Arabako Arte Ederretako Museoetan, Frankfurten –HOSTOA euskal artisten kolektiboaren barruan–, Baden-Badenen, Sevillan, Aachenen, Bilboko hainbat aretotan… Beirategintzan ere hasi zen, eta berak eginak dira, esaterako, Urkiolako San Antonio baselizako beirateak (1989) eta Lekeitioko Osakidetzaren eraikinekoak (1992). Bere horma lanak Zalla eta Lekeitioko udaletan aurki daitezke. 1994an Kalkografia Sari Nazionala eskuratu zuen grabatugile gisa egindako lanagatik.