Ramírez Villamizar, Eduardo
Kolonbiar eskultore eta pintorea (Pamplona, 1923). Arkitektura ikasketak egin zituen, Santa Fe de Bogotako Unibertsitate Nazionalean, baina arte plastikoetarako joera erakutsi zuen betidanik. Bere lanbidea utzita, pintura eta eskultura landu zituen gehienbat. 1950ean Parisa joan zen, eta bi urtez egon zen han. 1956an Estatu Batuetara joan zen, eta Santa Fe de Bogotara itzultzean, ohorezko aipamena jaso zuen Kolonbiar Artisten X. Aretoan. Sari asko irabazi ditu, hala nola, besteak beste, Guggenheim Lehiaketaren eta Sao Pauloko Bi Urtekoaren lehen saria. Kolonbian, erakusketa askotan parte hartu du, Ingeniarien Kolonbiar Elkartean (1946, Santa Fe de Bogota), eta 26en Aretoan (1948), besteak beste. Mexikotik kanpo, Parisko Arnaud galerian, Bartzelonako Lehen Bi Urteko Hispanoamerikarrean, Washingtoneko Batasun Panamerikarrean, New Yorkeko Roland de Aenlle Galeria Berrian, eta Bostoneko Arte Ederretako Museoko Nazioarteko Erakusketan, besteak beste. Bere obretako asko espresionismoaren bidetik eginak dira, baina Parisen arte abstraktua egiten hasi zen. Askotan, forma organikoak hartzen ditu inspirazio iturri gisa, barraskiloak eta fosilak adibidez. Egiten dituen erliebeak pinturaren eta eskulturaren artean daude. Moduluen bidez lan egitea da bere obraren beste ezaugarrietako bat: obra txikiak badira ere, tamaina handian ikusteko asmatuak dira. Orobat dira bere obraren ezaugarriak kolore naturala, burdina herdoilduaren egitura eta erronboaren erabilera. Obra aipagarrienak: El Dorado (1957); Homenaje a Vivaldi (1963, egurrezko erliebea); Amonita fósil (1979, metal margotua); Cubo inclinado (1970); Recuerdo de Machu Picchu No. 1 (1984, burdina herdoildua, inken kulturako hormak, terrazak, bideak eta ubideak gogorazten ditu); Aerolitos (erronbo itxurako bolumenak, bere kabuz edo harien bidez eusten direnak, 1991-1992); El espejo de la Luna (eskultura publikoa, Santa Fe de Bogota, 1990); Hexágono (eskultura publikoa, New York, 1973); De Colombia a John Kennedy (eskultura publikoa, Washington, 1973).