Ramiro IIa Fraidea
Aragoiko erregea 1134-1137 urteetan (? - Huesca, 1157). Antsa I.a Ramirez-en hirugarren semea zen eta Alfontso I.a Gudariaren ondorengoa. 1115ean Iruñeko apezpiku izendatu zuten eta 1134an Roda-Barbastrokoa. Urte berean Alfontso I.a hil zenean errege koroatu zuten Ramiro II.a Jakan, baina hiru aldetik egin zioten aurka: Gartzea V.a Ramirezek (Nafarroako errege aldarrikatu baitzuten noble zenbaitek), Gaztelako Alfontso VII.ak (Zaragozako errege izendatu zuen bere burua) eta Aita Santuak (erresuma ordena militar baten mende uztea eskatzen baitzuen). Oposizio horren guztiaren ondorioz, Ribagorzara eta Kataluniara joan zen; 1135ean Alfontso VII.ak gerra deklaratu zion. Tradizioak dioenez, Ramiro II.ak bere lurraldeak berreskuratu zituen eta, oposizioko nobleak hilarazi ondoren, Huescako katedraleko kanpandorrean jarri zituen ikusgai hildakoen buruak gainerako nobleen eskarmentu gisa. 1136an, Ines Poitiers-ekoarekin ezkondu zen eta alaba bat izan zuten, Petronila, Ramon Berenguer IV.arekin ezkonduko zena.