Raman, Chandrasekhara Venkata
Indiar fisikaria (Trichinopolis, 1888 - Bangalore, 1970). Fisika irakaslea izan zen Kalkutan eta Bangaloren. Indiako Zientzia Akademiako zuzendari ere izan zen. Isurkariak zeharkatzean argiak duen barreiatzea eta isurkariek argiarekiko duten eroamena aztertu zituen. 1928an bere izena eman zaion efektua aurkitu zuen. Efektu horretan oinarriturik, 1928an gaien analisirako espektroskopia teknika bat asmatu zuen. 1930ean Fisikako Nobel saria eman zioten. v Ramanen efektua. Fis. Ikusten den argiaren edo argi ultramoreen irradek molekulak edo kristalak ukitzean edo haietatik igarotzean barreiatzearen eraginez beste maiztasun bateko irradak sortzen dituen efektua. Sortzen den irrada berriaren espektroak informazioa ematen du molekulan atomoek duten jarrerari, atomoen arteko loturei edo kristalen izaerari buruz. Raman espektroak lortzeko uhinak ongi banatzen dituen espektrografoa eta erakuste denbora nahiko luzeak behar dira. Ramanen efektuak ez du fluoreszentzia islatzen, fluoreszentzia erresonantzia efektua baita.