Ramadier, Paul
Frantses politikaria (Arroxela, 1888 - Rodez, 1961). 1928. urtean alderdi sozialistako diputatua izan zen eta 1933an, berriz, Batasun Sozialista eta Errepublikanokoa. 1938. urtean Lan Arazoetako ministroa izan zen; 1940an, aginpide osoa Pétain mariskalaren esku uztearen aurka egon zen. 1945ean, Kontsultarako biltzarreko kidea eta diputatu sozialista izan zen. 1946an, gasa eta indar ekoizpena nazionalizatzeko legea aurkeztu zuen; hurrengo urtean kontseiluko lehendakari hautatu zuten. Frantziako gizartearen egoera nahasia komunistei leporatu, eta diputatu komunistekin zituen loturak hautsi zituen. Marshall plana onartu zuen, baina 1947ko grebak zirela eta dimisioa aurkeztu behar izan zuen. 1948an, Estatuko ministroa izan zen; 1948-1949 bitartean defentsa ministroa; eta 1956-1957 urteetan finantza ministroa.