Ramapithecus
Paleont. Primateen ordenako izen bereko generoko fosila. Ramapithecus generoko primateak Miozenoaren bukaeran eta Pliozenoaren hasieran bizi izan ziren (duela 8 edo 14 milioi urte). Lehenengo fosilak (barailezur zatiak eta hortzak) 1932an aurkitu zituen G. E. Lewis antropologoak Indiako iparraldean; 1961ean L. eta M. Leakey-k Asian, Afrikan eta Europan Lewis-en fosilen ezaugarri berberak zituzten beste fosil batzuk aurkitu zituzten. Lewis-ek aurkitu zituen Ramapithecus fosilen baraila eta hortzak antz handiagoa zuten gizonarenekin tximinoarenekin baino. Ramapithecus-ak basoan bizi ziren, belarra zen lurraldeetan, eta janari zuntsua xehetu eta jaten zuten. Zutik zebiltzala eta tresnak erabiltzen zituztela uste da. Beren ezaugarriengatik gaur egungo gizonaren arbasotzat hartzen dute zientzialari batzuek. 1980an D. Pilbeam-ek adierazi zuen Ramapithecusen fosilak orangutanaren aurreko primate batenak izan zitezkeela.