Rambaud, Patrick
Frantses eleberrigile eta antzerkigilea (1946). Urteetan Frantziako letretako beltz ezagunenetako bat izan da, besteentzat lan egin baitu, bere inspirazioa eta denbora eskainiz halakorik ez zutenei. 1997an, baina, arrakasta handiko eleberri original bat argitaratu zuen, Gudua, Frantziako Akademiaren Sari Nagusia eta Goncourt saria –Frantziako saririk nagusia– irabazi dituenak. Gudua –Balzacen proiektu zaharra, sekula argitaratu gabea– Napoleon gudarosteen eta austriar eta errusiarrenen arteko guduaren kontakizuna da (Essling, Viena, 1908), gordina bezain erreala. Hogeita hamar orduko gudua izan zen hura eta berrogei milatik gorako hildako eragin zituen. Gudu hartan agerian geratu zen artilleriako arma berrien suntsitzeko ahalmena. Rambauden arabera, gertaera historiko hark garai berri baten hasiera iragarri zuen. Eleberriari egin zioten harrera onak sustaturik, beste bi eleberri iragarri zituen, garai hartan girotuak, berak "hondamenaren trilogia" deitu duena osatzeko. Gudua-z gainera, aipagarria du, baita ere, Virginie Q eleberria, Marguerite Durasen prosaren eta gaien parodia halako bat. Halaber, Roland Barthes sans peine liburuan –François Mitterranden txakurraren egunkari intimo gisa aurkeztua– tituluko izen bereko literatura kritikariaz eta Frantziako pentsalari postmodernoez trufatzen da. Patrick Rambaudek 100.000 orritik gora idatzi dituela uste da, berak argitaratu dituen 26 liburuen eta beltz gisa egindako lanaren artean.