Ekialdeko Pirinioak
(Frantsesez, Pyrénées-Orientales). Frantziako hego-mendebaleko departamendua [66], Languedoc-Rousillon-go eskualdean. Mugak: iparraldean, Aude; ekialdean, Mediterraneo itsasoa; mendebalean, Ariège eta Andorra; hegoaldean, Katalunia. 4.143 km2 ditu eta 334.557 biztanle. Prefetura hiria, Perpinyà. Suprefetura hiriak: Céret eta Prades. Eskualde menditsua da. Carlit granitozko mendia dago departamenduaren mendebalean (2.921 m), glaziar jatorriko aintzirak eta 2.500 m-tik gorako mendiek inguratua. Han dute iturburua Ariège, Aude eta Tet ibaiek, azkenak Prades eta departamenduko hiriburua alderik alde igarotzen dituela. Mendialde garaiek bereizten dituzte ibai hauen goi-ibilguak. Canigó mendia dago departamenduaren hego-erdialdean (2.785 m). Mendiek behera egiten dute itsasora hurbildu ahala, mugaz bestaldean bezala. Roselló edo Roussillongo ordokiak eskualdearen erdialdea eta iparraldea hartzen ditu, eta iparraldeko muturrean Corbières-eko mendialdea dago. Laborantza (mahatsa, barazkiak, fruitu arbolak), abere hazkuntza (behi eta ardi azienda), Perpinyàko hiriaren inguruko industria (Canigó mendiko manganeso hobien ustiakuntza, janari industria, ehungintza, ardogintza) eta turismoa (uda eta neguko turismoa) dira ekonomia jarduera nagusiak.
- Pym, John
- Pynchon, Thomas
- Pyongyang-si
- Pirinio Garaiak
- Pirinio Atlantikoak
- Ekialdeko Pirinioak
- q
- Qabbani, Nizar
- Qabus Bin Said
- Qaliubiya
- Qatar