Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pyongyang-si

Ipar Koreako errepublikako hiriburua, Taedong ibaiaren ertzean, Itsaso Horitik 48 km-ra. 2.355.000 biztanle. Unibertsitatea. Aireportua. Ekonomiari dagokionez, Ipar Koreako merkataritza eta industriagune nagusia da (ehungintza, janari industria, altzairugintza, porlangintza, azukre findegiak, burdinbide gaiak, zurgintza, zeramikagintza, elektrizitate tresneria). Ikatz hobi emankorrak, argietxe (Yalu ibaian eta bere adarretan) eta industria handiak (porlangintza, altzairugintza, kimika industria) daude hiriaren inguruan. Pyongyang-en daude, halaber, Ipar Koreako antzoki, opera, museo, liburutegi eta eskola garrantzitsuenak.  v  Historia. Ipar Koreako hiri zaharrena da Pyongyang. Han zegoen Tangun dinastiaren antzinateko hiriburua (K.a. 2333. urtea) eta, tradizioaren arabera, K.a. 1122. urtean sortu zuten hiri modernoa. K.a. 108. urtean txinatar kolonia bat finkatu zen Pyongyang-etik hurbil, eta hiria gotortu egin zuten. 427. urtean Kokuryo erresumako hiriburu bihurtu zen, baina Txinaren mende geratu zen 668an. 918-1392 urteetan Koryo dinastiaren bigarren hiriburua egin zuten Pyongyang. Japoniarren mende zegoen 1592an, baina mantxuriarrek ia suntsitu egin zuten XVII. mendearen hasieran. Japoniarrek hartu zuten hiria 1910-1945 urteetan, eta industriagune garrantzitsua bihurtu zen garai hartan. Erabat suntsitu zuten, ordea, Ipar eta Hego Korearen arteko gerran (1950-1953). 1953. urteaz geroztik hiria berriz eraiki zuten sobietarren eta txinatarren laguntzaz.