Pirinio Garaiak
(Frantsesez, Hautes-Pyrénées) Frantziako hegoaldeko departamendua [65], Midi-Pyrénées-eko eskualdean. Mugak: iparraldean, Gers; ekialdean, Garona Garaia; mendebalean, Pirinio Atlantikoak; hegoaldean, Aragoi. 4.534 km2 eta 227.922 biztanle. Prefetura hiria, Tarbe. Suprefetura hiriak: Argelès-Gazost eta Bagnères-de-Bigorre. Eskualde menditsua da, Pirinio mendialdearen erdialdea hartzen baitu (Vignemale, 3.294 m; Balaïtous, 3.146 m). Departamenduaren erdi eta iparraldea, berriz, lauagoa da. Aturri ibaiaren goi-ibilgua igarotzen da erdialdetik eta Neste ibaiak ureztatzen ditu ekialdeko lurrak. Lannemezango goi-ordokiek hartzen dute departamenduaren iparraldea. Laborantza (garia, garagarra, patata, artoa, mahatsa), abere hazkuntza (behi, ardi eta zaldi azienda), Tarbe inguruan biltzen den industria (tresneria mekanikoak eta aeronautikoak, kimika industria, zapatagintza) eta turismoa (udalekuak, negu kiroletarako azpiegiturak, Lourdeserako erromesaldiak) dira ekonomia jarduera nagusiak.