Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Qatar

(Izen ofiziala, Qatarko estatua; Arab., Dawlat Qatar). Arabiako penintsulako estatua, Qatarko penintsula osoa hartzen duena, Persiako golkoko hego-mendebaldean. 11.427 km2 eta 824.789 biztanle (2008, qatartarrak). Mugak: 350 km-ko itsasertzak inguratzen du penintsula; hego-mendebaldean Saudi Arabia dago, eta hego-ekialdean Arabiako Emirerri Batuak. Hiriburua: Doha. Hiri nagusiak: Ar-Raian, Al-Uakrah, Musaid. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Etniak: hego asiarrak % 34, Qatar bertakoak % 20, beste arabiarrak % 25, irandarrak % 16, besteak % 5. Erlijioa: musulman sunnia, % 92,4; kristaua, % 5,9; hindua, % 1,1; baharismoa, % 0,2; besteak % 0,4. Dirua: riala.  v  Biztanleak. Qatarko bertako biztanleak arabiar beduinoak dira ia gehienak. Bestalde, inguruko arabiar estatuetako langile etorkinak asko dira, pakistandarrak eta irandarrak batez ere. Etorkin horiek biztanleen % 80 osatzen dute, eta lan indarraren % 90. Qatartar gehienak hirietan bizi dira. Bizi itxaropena 67 urtekoa da gizonezkoetan eta 72 urtekoa emakumezkoetan. Qatarko biztanle gehienak musulman sunniak dira, wahhabi sektakoak. Hala ere, Qatar ez da Saudi Arabia bezain zorrotza doktrinaren betebeharrei dagokionez. Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa asko erabiltzen da gobernuan eta merkataritzan. Ekonomia. Petrolioa da Qatarko diru iturri nagusia. Petrolio hobiak agortzeko bidean badaude ere, munduko gas natural hobi handienetakoak ditu Qatarek. 1980ko petrolioaren krisiaren ondorioz, Qatar berehala jabetu zen arrisku handikoa zela petrolioaren horrenbesteko mendekotasuna. Hala, 1989. urtetik aurrera industria indartzen saiatu zen (petrolio findegiak, petrokimika, gas naturala, siderurgia). Nekazaritzan, bestalde, aurrerapauso handiak egin zituen. Ur baliabideak eskasak badira ere, itsasoko urari gatza kentzeko fabrika asko eraiki dira. Gas naturala ustiatzeko fabrikak eraikitzeko Qatarek zor ugari egin behar izan baditu ere, munduko herrialde aberatsenetako bat da, hala ere. Merkataritza harremanak ditu Japonia, Britainia Handia, Estatu Batuak eta Alemaniarekin. Historia. 1981. urteaz geroztik Golkoko Kooperazio Kontseiluko kidea da Qatar, Bahrain, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabiarekin batera. Erakunde horrek lurralde horretako hainbat alderdi koordinatzen ditu, hala nola politika, ekonomia, gizartea, kultura eta gudarostea. 1986an, Qatar eta Baharain-en artean liskarrak sortu ziren Fasht ad-Dibal uharte artifiziala zela-eta. Baina Kooperazio Kontseiluak bake hitzarmen bat izenpetzera bultzatu zituen bi herrialdeak. 1991n, Irakek Kuwait hartu zuenean, Golkoko Kooperazio Kontseiluak Jordaniari eta OLPri laguntza kentzea erabaki zuen. Urte horretan bertan, Egipto eta Siriako Kanpo ministroak eta Kooperazio Kontseiluko kideek hitzarmen bat izenpetu zuten Estatu Batuekin eskualde hartako segurtasuna zaintzeko. Golkoko gerran Kuwait eta Saudi Arabiako petrolio putzuetan izan ziren suteek ke laino izugarriak eragin zituzten Qatarko zeruan. Kutsadurak euri azidoa ekarri zuen, gainera. 1991. urtean 53 lagunek, gobernuko funtzionarioak batzuk, hauteskunde libreak egiteko eskatu zioten Qatarko emirrari. Eskakizun horren ondorioz, zenbait lagun atxilotu zituzten, nahiz eta hilabete gutxira aske utzi. 1995ean, Hamad ibn Khalifah ath-Thani printze oinordekoak aita aginpidetik kendu eta bere burua izendatu zuen Qatarko emir. Emir berriak agindu zuen saiatuko zela Saudi Arabia eta Bahrain-ekin zituen liskarrak konpontzen. 1996an, azkenik, Qatar eta Saudi Arabiak beren lurralde arazoak konpondu zituzten, eta, 1997an, Qatarek hitzarmen bat izenpetu zuen Bahrainekin. 1996an sortu zuen Qatarreko dinastiak Al-Yazira satelite bidezko arabierazko telebista katea, herrialde arabiarretan geroztik zabalkunde handia izan duena. Azken urteetan, Qatarrek izan du, Luxemburgorekin eta Norvegiarekin lehian, munduko errentarik altuena biztanleko, eta % 10etik gorako hazkunde ekonomikoa izan du, batez beste, gas naturalaren eta petrolioaren ugaritasunari esker. Azken urteotan orobat 600.000 bat lagun etorri dira Asiako herrialde batzuetatik —India, Pakistan eta Filipinastik gehienbat— Qatarrera lanera; horietako asko gizakiekin trafikatzen duten mafien mendean daude, eta haiek dira herrialde izugarri aberats horren eraikitze lanetan dihardutenak.
http://english.mofa.gov.qa/