Pirinio Atlantikoak
(Frantsesez, Pyrénées-Atlantiques). Frantziako hego-mendebaleko departamendua [64], Akitaniako eskualdean, Ipar Euskal Herria eta Biarno hartzen dituena. Mugak: iparraldean, Landak; ekialdean, Pirinio Garaiak; mendebalean, Ozeano Atlantikoa (Bizkaiko golkoa); hegoaldean, Nafarroa eta Aragoi. 7.712 km2 eta 555.696 biztanle (ez da erdira iristen euskal herritarren kopurua). Prefetura hiria, Paue. Suprefetura hiriak: Baiona eta Oloroe. Eskualde menditsua da (Ahüñemendi, 2.504 m; Midi d’Ossau, 2.885 m; Ori, 2.017 m), eta haran eta arroil sakon asko daude. Paue, Oloroe, Errobi eta Aturri dira departamenduko ibai garrantzitsuenak. Departamenduaren mendebala hartzen du Ipar Euskal Herriak. Laborantza (garia, artoa, mahatsa, garagarra, fruitu arbolak), abere hazkuntza (behi eta ardi azienda), hiri nagusietan (Baiona eta inguruak, Paue, Lacq) biltzen den industria (metalurgia, tresneria mekanikoak, kimika industria, ehungintza, gas ustiakuntza Lacq-en) eta turismoa (Lapurdiko kostaldea) dira ekonomia jarduera nagusiak.