Pyat, Félix
Frantses idazlea eta politikaria (Vierzon, 1810 - Saint-Gratien, Seine-et-Oise, 1889). Le Figaro eta Charivari agerkarietan idatzi ondoren Revue Britannique aldizkaria zuzendu zuen. Alderdi sozialistako buruzagia zen, baina, familia aberats bateko semea zenez, demokraziako aristokrata deitu zion Proudhon anarkistak. 1849. urteko matxinada errepublikazalean parte hartu ondoren, Suitzara ihes egin behar izan zuen. 1870ean Parisa itzuli zen eta Le combat agerkaria sortu zuen. Urte bereko urriko gertaeretan parte hartzeagatik atxilotu zuten. 1871n diputatu hautatu zuten Seineko departamenduan eta Komunako kidea izan zen; Komunaren errepresiotik ihes egitea lortu, eta Ingalaterrara erbesteratu zen. 1880. urtean Frantziara itzuli zenean La commune egunkaria sortu zuen. 1888an diputatu hautatu zuten Marseillan, ezker muturreko jarrerak izan zituen eta eztabaida politiko latzak izan zituen Boulanger jeneral eta politikariarekin.