Port Royal
(Port Royal des Champs izen osoa). Moja komentu zistertarra, Frantzian XVII. mendean jansenismoaren gune izan zena. Logikaren alorrean eta hizkuntzalaritzarenean ere lan garrantzitsuak egin ziren han. 1204an eratu zuen Mathilde Garlandek beneditarren etxe gisa Chevreuse-ko ordokian, Versailles-ko hegoaldean. Hango eliza 1230. urtekoa da. v 1609an Jacqueline-Marie-Angélique Arnauld monasterioko buruak erreformak egiteari ekin zion. Paris-en etxe berri bat eraiki zuen eta hara eraman zituen mojak. 1638an eraikuntza huts haiek “bakartiek” hartu zituzten. Laikoak eta apaiz sekularrak ziren bakarti horiek, eta Saint Cyran-en eta Cornelius Jansen-en arauen mendean bizi ziren. Horien artean Arnauld familiako kide batzuk baziren, eta baita logikan eta hizkuntzalaritzan lan garrantzitsuak egin zituzten P. Nicole, C. Lancelot eta B. Pascal ere. “Eskola txikiak” sortu zituzten; haien irakasteko modua ez zetorren bat jesuitek erabiltzen zutenarekin. A. Arnauld-ek argitaratu zituen lanek (Agustinus de Jansen eta Fréquence Communion) dotrina agustindar zorrotza eta kristautasuna zentzu estuan hartzen zituzten eredutzat. Jesuitekin izandako gorabeherek Erromako elizaren parte hartzea ekarri zuten. Aita Santuaren aginduz, jansenismoa baztertu nahi izan ez zutenez gero, jansenistak Port Royal-go komentuan egotera zigortuak izan ziren; askok ihes egin zuten. Klemente IX. aren garaian izan zituzten urte lasaiagoak (1669-1679), baina Klemente XI.ak berriro zigortu zituen. 1709an komentuko mojak sakabanatu egin ziren eta 1710-1712 bitarteko urteetan mojen etxeak desegin zituzten. Parisko Port Royal kartzela izan zen Frantziako Iraultzan, eta erietxea XIX. mendean. v Port Royal-go gramatika. Hizkl. A. Arnauld-ek eta C. Lancelot-ek XVII. mendean egin zuten gramatika. Gramaire générale et raisonée (1660, Gramatika orotarikoa eta arrazoitua). Zenbait gaitan bere garaian aurreratuak izan ziren gramatika honen egileak, eta besteak beste, hizkuntzaren arbitrariotasuna ikusi zuten, hots, fonetika osagai mugatuekin konbinaketa ugari egiten zirela hizkuntza guztietan. v Port Royal-go logika. Fil. P. Nocole-ren eta A. Arnauld-en La Logique ou l´art de penser (1662) liburuari eman zaion izena. Descartes-en dotrina aztertu eta kritikatu zuen Arnauld-ek, eta “ideia” argi eta berezien teoria eratu zuen. Oro har, Erdi Aroko logika edo logika ohikoa da Port Royal-goa. Port Royal-go logikak subjektua eta predikatua bereizten ditu proposizioan, eta åosagaien arteko oposizioak, inferentziak eta silogismoak aztertzen ditu, batez ere. Haren ekarriak alboratu zituzten geroztiko zenbait logika eskolaren ondoren (logika formala batez ere), gaur egungo zenbait hizkuntzalarik (Chomsky etab.) Port Royalgo logikaren garrantzia azpimarratu du berriro.