Pombal, Sebastião José de Carvalho e Mello
(Pombalgo markesa). Portugaldar aitonen semea eta politikaria (Lisboa, 1699 - Pombal, 1782). Portugalgo politikari nagusia izan zen 1750-1777. urteen artean; erreforma ugari eragin zituen administrazioko alor gehienetan. Enbaxadore izan zen Londresen (1739) eta Vienan (1745). Gero, 1950ean, Josef I.a erregeak estatuko idazkari izendatu zuen eta, ministro nagusia baino areago, Portugalgo benetako agintaria izan zen Pombal. Gizon ikasia, aurrerakoia eta zorrotza zen; Ilustrazioaren teoria politikoan oinarrituz, agintari absolutista gisa gobernatu zuen. Erregearen ahalmena indartu zuen eta administrazioa errotik aldatu: herentziazko karguak eta alferrikako funtzionarioak kendu zituen (1761), itsas armadaren eta Portugalgo gudarosteen egitura zaharkitua berritu eta polizia indartu zuen. Halaber, herri lan handiak egin zituen: 1775eko lur ikararen ondoren Lisboa berritu zuen goitik behera, eta nekazaritza indartu zuen; era berean, neurri zorrotzak hartu zituen Portugalgo industria eta merkataritza bultzatzeko, eta atzerritarrek Portugalen zituzten eraginak eta eskubideak murriztu zituen: lehengaiak eta metal bitxiak esportatzeko debekua ezarri zuen, inportazioak zergen bidez mugatu eta koloniekiko harremanak errazteko merkataritza elkarteak (Pernambuco, Pará eta Maranhãokoak, besteak beste) sortu zituen. Elizaren ahalmena eta eragina murriztu zituen: 1751ean Inkisizioaren fede auziak debekatu zituen; zentsura laikoen esku utzi zuen eta gogor jokatu zuen jesuiten aurka; aurrena, haien indar ekonomikoa eta eragin politikoa murriztu zituen eta, azkenean, 1759an, Portugaldik eta bere kolonietatik egotzi zituen. Irakaskuntza laikoa ezarri zuen Portugalen. Horrela bada, Portugalgo funtsezko egitura guztiak errotik aldarazi zituen, baina horrekin etsai asko sortu zitzaizkion; hala, Josef I.a erregea hil zenean, beren interesak zapuztuak ikusi zituzten aitonen semeek eta handikiek, elizak eta Portugalen interes ekonomiko handiak zituzten atzerritarrek kargua uztera behartu zuten.
- Pollaiolo
- Pollaiolo
- Pollini, Maurizio
- Pollock, Paul Jackson
- Pomar Salamanca, Arturo
- Pombal, Sebastião José de Carvalho e Mello
- Pombo, Álvaro
- pomelo
- pomelondo
- Pomerania
- pomez-harria