Pollock, Paul Jackson
Estatu Batuetako pintorea (Cody, Wyoming, 1912 - East Hampton, New York 1956). Espresionismo abstraktu izeneko pintura higikundearen buru izan zen, batik bat Estatu Batuetan Action Painting edo Frantzian tachisme izenez ezagutu zen higikundekoa. Picassoren eta surrealismoaren eragina izan zuen; marrazterakoan, deskribatzea baino sentimentuak adieraztea zuen helburu. Pollock-ek oso teknika bereziak erabiltzen zituen: lona edo ehun zati handietan pintura tantak isuriz margotzen zituen (noizbehinka ehunaren gainean zela ere pintatzen zuen) indar handia zuten obrak; pintatzea ekintza gisa hartzen zuelako deitu zitzaion haren pinturari Action Painting (akzio pintura). Estatu Batuetako hainbat bildumatan ikusgai da bere obra.