Pombo, Álvaro
Espainiar narratzaile, saiakeragile eta olerkaria (Santander, 1939). Hainbat genero landu ditu, besteak beste olerkia, Protocolos (1973, Protokoloak), Variaciones (1977, Bariazioak) eta Hacia una constitución poética del año en curso (1980, Urte honen osaera poetiko baterantz) lanetan esaterako. Baina ospe gehien eman dion generoa fikziozko prosa da, zalantzarik gabe. Genero horretan azpimarratzeko lanak ditu Relatos sobre la falta de substancia (Funtsgabetasunari buruzko kontakizunak), El parecido (Antza), El hijo adoptivo (Sasiko semea), Los delitos insignificantes (Delitu hutsalak), Telepena de Celia Cecilia Villalobo (Celia Cecilia Villaloboren telepena), etab. Zenbait sari irabazi ditu, adibidez Kritikaren Saria 1991n, El metro de platino iridiado (Platino iridioztatuzko metroa) obrarekin, eta Narratibako Sari Nazionala handik sei urtera, Donde las mujeres obrarekin. Hain zuzen ere, zaletasun handia erakutsi izan du beti emakumeak protagonista dituen narratibarako (batez ere klase ertainetako espainiar emakumeekiko), eta ezaugarri aipagarria du, orobat, azken urteeteako lanetan ahozko literaturatik harturiko baliabideak erabili izana bere pertsonaien hizkera aditzera emateko; hala ere, horrek ez du bere diskurtsoa deuseztatu edo hutsaldu, bikain asmatu baitu lagunarteko hizkera eta bere diskurtsoaren azalpena uztartzen.