poliedro
iz. Hiru aurpegi baino gehiago dituen geometria gorputza. Aurpegiak elkar mozten duten lerro zuzenei ertz deritzaie, eta zenbait aurpegi lotzen diren puntuei berriz erpin. Definizio horrek poliedro ahurra ere hartuko luke, baina halako irudiak ez dira poliedrotzat hartu ohi, poliedrotzat irudi ganbilak bakarrik hartu ohi baitira gehienetan. Beraz, poliedro bat (ganbila) zenbait planok mugatzen duten eremu finitua da, eremu hori plano bakoitzaren alde batek soilik mugatzen duenean. Poliedroaren ertz bakoitza bi erpinekin giltzatzen da, eta ertz bakoitza bi aurpegiren ertz komuna da. Poliedro (ganbil) bat erregularra da aurpegi guztiak berdinak eta erpin guztiak berdinak baditu; esan nahi baita, zehatzago, (i) aurpegi guztiak poligono erregularrak direla, p ertz kopuru bera dutela, eta (ii) ertz bakoitzean ertz kopuru berak mozten dutela elkar. Bost poliedro (ganbil) erregular dira, gorputz platoniko izena hartzen dutenak: 1) Tetraedro erregularra, aurpegitzat lau hiruki dituena; 2) kuboa, aurpegitzat sei karratu dituena; 3) oktaedro erregularra, aurpegitzat zortzi hiruki dituena; 4) dodekaedro erregularra, aurpegitzat hamabi pentagono dituena; 5) ikosaedro erregularra, aurpegitzat hogei hiruki dituena.