Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

polibinilo

iz. Kim. Binilo erroa (CH2=CH-) duten monomero batzuen batuketa bidezko polimerizazioz lortzen den polimero termoplastiko garaia. Polibinilo mota desberdinak dira.  v Polibinilo kloruroa. Binilo kloruroaren (CH2=CHCl) polimerizazioz lortzen den plastiko bakartzaile zuria. PVC izenaz gehiago ezagutzen da. Ez dute urtzen disolbatzaile organiko gehienek, oso gogorra da, metala balitz bezala zerra, tornea eta lan daiteke, tasun dielektriko onak ditu eta erraz hartzen du kolorea. Oso erraz ekoizten da eta hauts, zuntz, pelikula eta beste era batzuetan agertzen da. Gauza askotarako erabiltzen da: hodiak, ateak eta leihoak, pelikulak, jostailuak, oinetako zoruak, ontziak eta abar egiteko, kautxu sintetikoaren ordez, atletismo zelaien zoruak egiteko, tresna elektrikoak estaltzeko eta abar. Polibinilo kloruro zuntzez ehun mota asko egiten dira.  v Polibinilo azetatoa. Binilo azetatoaren polimerizazioz lortzen den solido koloregabea eta gardena. Ez da urtzen uretan, gasolinan, oliotan eta koipeetan, baina bai bentzenotan, estereetan, molekula pisu txikia duten alkoholetan eta abar, eta sukoia da. Plastikoen industrian oso erabilia da estalkiak, mintz gogorrak, moldaerrazak diren gaiak eta abar ekoizteko. Paperarentzat, egurrarentzat, metalentzat eta portzelanarentzat eransgarriak, pinturak, lakak, tintak eta abar egiteko ere erabiltzen da.