poliestireno
iz. Kim. Estirenoaren polimerizazioz lortzen den polimero termoplastiko garaia, (C6H5CH=CH2)n. n-ren balioa lortu den polimerizazio mailarekin aldatzen da. Solido garden gogorra da eta beroaren eta elektrizitatearen oso bakartzaile ona. Eraso egiten diote hidrokarburoen disolbatzaileek, baina erresistentzia diete azido organikoei, alkaliei eta alkoholei. Erraz ematen zaio edozein kolore eta forma. Sukoia da. Xafla, plaka, bits eta beste era batzuetan saltzen da. Jostailuetan, etxeko tresnetan, elektrizitate tresnetan, bakantzaile gisa, ontzietan, altzariak egiteko eta beste eginkizun askotarako erabiltzen da. Industrian garrantzi handia izan du; plastikoen industriari hasiera eman zioten formaldehidoaren kondentsazio bidez lortutako polimeroak adina. 1932an jarri zen salgai.