Pielou, Evelyn C
Britainiar zientzialaria (Bognor Regis, Ingalaterra, 1924). Londresko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta biologiako doktoregoa eskuratu zuenean irakaslea izan zen Dalhousieko eta Lethbridgeko unibertsitateetan. Pielouk garrantzi handiko ekarpenak egin ditu ekologia matematikoaren esparruan, eta hain zuzen ere, jakintzaren alor horren aitzindari gisa da ezaguna. Hainbat liburu idatzi ditu bere ikergaiari buruz, adibidez Introduction to Mathematical Ecology (1969, Ekologia matematikoa. Sarrera), Population and Community Ecology (1974, Biztanleriaren eta komunitatearen ekologia), Ecological Diversity (1975, Aniztasun ekologikoa), Mathematical Ecology (1977, Ekologia matematikoa), Interpretation of Ecological Data (1984, Datu ekologikoen interpretazioa) edota After the Ice Age (1991, Izotz aroaren ondoren). Pielouk zenbait sari eskuratu ditu bere lanari esker, besteak beste Ekologista Apartaren saria, Ameriketako Ekologia Elkartearen eskutik, 1986an, edo Ekologista Estatistiko Bikainaren saria, Ekologiako Nazioarteko Biltzarraren eskutik, 1990ean.