Pierce, Mary
Frantses tenis jokalaria, jatorriz kanadarra (Montréal, Kanada, 1975). 2000. urtean Roland Garros txapelketa irabazi zuen, eta bera izan zen lehiaketa nagusietako bat baino gehiago irabazi dituen lehenengo frantsesa, Suzanne Lenglenen ondoren. Aita estatubatuarra du eta ama frantses-kanadarra. Estatu Batuetan hazi zen. Hamar urte zituela egin zuen debuta tenisean, aitaren zuzendaritzapean, hura izan baitzuen lehenengo entrenatzailea. 1990. urtean parte hartu zuen lehenengo aldiz lehiaketa nagusi batean, Roland Garrosen hain zuzen; bigarren itzulira iristea lortu zuen. Hurrengo urtean irabazi zuen lehenengo txapelketa Palermon (Italia). 1994an Roland Garroseko finalera iritsi zen, baina Arantxa Sánchezek garaitu zuen. Hurrengo urtean, tenis jokalari haren beraren kontra irabaztea lortu zuen Australiako Irekian. Hemezortzi urte bete zituenean frantses hiritartasuna hartzea erabaki zuen, eta aitarengandik independente aritzea. 1997an Australiako Irekia galdu zuen Martina Hingis suitzarraren kontra eta hainbat entrenatzailerekin aritu ondoren, bere jokoa hobetzea lortu zuen. 2000. urtean bere anaia David hartu zuen entrenatzaile, eta Roland Garrosen garaipena lortu zuen. 1967an Françoise Dürrek txapelketa hori irabazi zuenetik lehenengo aldia zen frantses batek Parisen garaipena lortzen zuela.