Piedra, Emiliano
Espainiar zinema ekoizlea (Madril, 1931 - Madril, 1991). Zinemako banaketa eta erakusketa munduan hasi eta ekoizle lanetan hasi zen 1960an, Canción de cuna, Abuelita Charlestón, Han robado una estrella edo El valle de las espadas filmen ekoizle. Arrakastarik handiena 1965ean iritsi zitzaion, ordea, Orson Wellesek Espainian zuzendu zuen Chimes at Midnight filmarekin, Canneseko Zinemaldian saritu baitzuten. Harrezkero, garrantzi handiko lanei ekin ahal izan zien, hala nola Angelino Fonsek zuzendutako Fortunata y Jacinta (1969) edo Gonzalo Suárezen La Regenta (1974) filmen ekoizpenari. Nazioartean berriro ere itzal handia lortu zuen Carlos Saura zuzendariarekin eta Antonio Gades dantzariarekin osatutako film trilogia bati esker: Bodas de sangre (1980), Carmen (1983) eta El amor brujo (1985). Bizitzako azken urteetan telebistako saioak ekoizten jardun zuen, besteak beste, El ángel caído (1990) eta El Quijote (1990).