Piedramillera
Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria (Lizarrako merindadearen erdialdea). Mugak: iparraldean, Antzin eta Mendaza; ekialdean, Legaria, mendebalean, Mendaza; hegoaldean, Sorlada eta Etaiu. Garaiera, 639 m. 11,22 km2. 1999ko datuen arabera, 70 biztanle (piedramillerarrak). Urantziko herriaren hegoaldean dagoen Cortecampoko lekua ere Piedramillerako udalerriaren administraziopean dago. Ega ibaia igarotzen da udalerriaren iparraldetik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XVI. mendea baino lehen galdu zen. Nekazaritza (garagarra, garia, mahatsa, zerri azienda) da ekonomia jarduera nagusia. Aipagarria da XVI. mendeko Santa Maria parrokia gotiko-Errenazimentukoa. v Historia. XII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Piedramillerako herria, Petramelera izenaz. Berrotzako Ibarreko parte izan zen 1845. urtean bereizi eta udalerria osatu zuen arte.