Piëch, Ferdinand
Austriar enpresaburua (Viena, 1937). Ferdinand Porsche, Porsche auto markaren sortzailearen eta Volkswagenen "kakalardo" ospetsuaren diseinatzailearen iloba. Ingeniaritza zientzietako ikasketak egin zituen Zuricheko Teknologia Aurreratuko Unibertsitate Kantonalean (Suitza), eta han eskuratu zuen doktoregoa 1962an. 1963an Porsche KG enpresan hasi zen lanean motor esperimentalen sailean, eta harrezkero hainbat kargu eskuratu zituen, harik eta 1971n enpresako zuzendari tekniko izendatu zuten arte. Administrazio kontseiluan sartzerik ez zuen lortu baina, eta konpetentziarentzat hasi zen lanean. Horrela, 1975. urterako Audi Nsu Auto Union AG enpresako (gerora Audi AG) zuzendaritza kontseiluko kide izendatu zuten eta garapen teknikoko sailaren ardura eman zioten. 1988. urtean Audi AG konpainiako zuzendaritza kontseiluko lehendakari egin zuten. Piëchek aurreramendu tekniko bikainak sartu zituen Audin, besteak beste, bost zilindroko injekzio motorra, turbokonpresore eta intercoolerrez hornituriko motorra, hiru bideko katalizatzailedun motorra, segurtasuna areagotzeko zenbait berrikuntza, etab. Azkenik, 1992. urtean, Volkswagen taldearen zuzendaritzako lehendakari izendatu zuten.