Pichincha
Ekuador-ko ipar-erdialdeko goi-ordokiko herrialdea. 16.599 km2 eta 1.734.942 biztanle. Hiriburua, Quito (Ekuadorreko hiriburua ere badena). Hiri nagusiak: Cayambe, Sangolqui eta Machachi. Panamerikar autobideak eta Guayaquildik Quitoraino luzatzen den burdinbideak igarotzen dute herrialdea. Laborantza (garia, garagarra, azukre kanabera, patata, kakaoa, kafea, arroza), baso ustiakuntza eta abere hazkuntza (behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Quiton dago herrialdeko industria apurra, atzeratu samarra (janari industria, ehungintza). Turismoak gero eta garrantzia handiagoa du. v Historia. Lehenbiziko biztanleak, kitu indiarrak, kara indiarrek menderatu zituzten XV. mendean. Geroago inka inperioa zabaldu zen, Kolon Ameriketara iritsi zen garai bertsuan, lurralde honetan. Huayna Kapak inkak (1525an hila) administrazio eta militar eremu handi bat sortu zuen Quiton. 1822an garrantzi handiko gudu bat irabazi zuen José Antonio Sucre jeneralak Espainiako erregearen gudarostearen kontra Pichincha mendian; haren ondorioz, Hego Amerikaren askatasunaren aldeko gudarosteek Quito eta Ekuador osoa askatu zuten hurrengo egunean.