Phan Boi Chau
Vietnamgo idazle eta politikaria (Nghe An province, 1872 - Hue, 1926). Vietnamgo erresistentzia higikundeetako kidea izan zen eta Vietnamgo burujabetasunaren aitzindaria. 1903an Luu cau huyet le tan thu alegoria idatzi zuen; bertan japoniarrek Ryukyu uharteak galdu zituztenean izandako atsekabea vietnamdarrek independentzia galdu zutenean izandakoarekin parekatzen du. 1905ean Japoniara zabaldu zituen erresistentziaren aldeko ideiak eta 1906an Sun Yat-sen txinatar iraultzailea ezagutu zuen. Txinan Viet Nam Quang Phuc Hoi (Vietnam eraberritzeko elkartea) eratu zuen. Taldeak Indotxinako frantses gobernaria hiltzeko asmoa izan zuen, baina huts egin zuen. Kartzelan egon zen 1914-1917 bitarteko urteetan. 1925ean berriz atxilotu zuten, baina vietnamdarrek haren aldeko protesta handiak egin zituzten eta aske utzi zuten. Autobiografia liburu bat eta poesiak idatzi zituen. Lan ezagunena: Viet Nam vong quoc su (1906, Vietnam galduaren historia).