Perurena Loiarte, Patziku
Nafar idazle eta pentsalaria (Goizueta, 1959). Arrasateko Eskola Politeknikoan ingeniaritzako ikasketak egiten ari zela, haurtzaroan ezagututako baserri-giroaren eta euskara hutsezko bizimoduaren galdu-minak idaztera bultzatu zuen. Literaturako lehen urratsak olerkigintzan egin zituen: Joannes d’Iraolaren poema bilduma (1985), Emily (1987), Iraingo apaiz gaztearen kantutegi zaharra (1988), eta Ixileko kantak (1993). Baina saiakera landu du batez ere, eta pentsalari zorrotz eta polemista moduan nabarmendu da: Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak (1990), Marasmus femeninus (1994), Harrizko pareta erdiurratuak (2004), eta Dakiguna ikasten (2007). Ikerketa filologikoa landu du Euskarak sorgindutako numeroak (1993) eta Koloreak euskal usarioan (1992) liburuetan, eta Leitzako ahozko historia jaso du beste lan mardul batean: Leitzako errege-erreginak (1996). Bestalde, egunkarietan idatzitako artikuluak liburuetan bilduta eman ditu gero argitara: Zirian Zirika (1995), Etorrerakoak (1998), eta Trapuan pupua (2001).