Perrin-Riou, Bernadette
Frantses matematikaria (Les Vans, Ardèche, 1955). Zientzia ikasketak zituzten gurasoetatik sortua zen Perrin-Riou eta berak ere beti erakutsi zuen zientzietarako zaletasuna. Neskatxen Goi Mailako Eskola Normalean egin zituen ikasketak (ordurako Ulmeko gizonezkoen Eskola Normalari atxikia zen eskola hura). George Poitou eta John Coatesen eskutik murgildu zen matematikan, zenbakien teorian eta kurba eliptikoen ikerketan besteak beste, eta kurba eliptikoen azterketan nabarmendu zen bereziki; G. Poitou zientzialariarekin egin zuen hirugarren mailako tesia (1979) eta J. Coatesekin (1983) nagusia. 1978. urtean Pierre et Marie Curie Unibertsitatean lanean hasi zen eta 1994. urtean Parisko Unibertsitatera aldatu zen, Orsayra. Matematikarien nazioarteko eleduna izan zen (Zürich, 1994) eta, beste zenbait sariren artean, 1999an jasotako Ruth Lyttle Satter saria du aipagarria.