Perry, Anne
(Jaiotza izena, Juliet Hulme). Britainiar eleberrigilea (Ingalaterra, 1942). 15 urte zituela, bere lagun Paulinerekin batera haren ama hil zuten, eta oso gazteak zirenez bost urteren buruan aske ziren arren, berebiziko eragina izan zuen gertaera hark bere bizitzan. Espetxetik atera ondoren izena aldatu eta historiako ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta gero lanean hasi zen. 1993. urtean Izaki zerutarrak filma estreinatu zen arte ez zen bere benetako nortasunaren berri zabaldu. Orduan jakin zen Anne Perry polizia eleberrien idazlea hilketa haren arduradunetako bat zela, baina horrek ez zuen bere ospea ilundu. Izan ere, hogei eleberritik gora idatzi ditu, eta zortzi milioi aletik gora saldu ditu mundu guztian zehar; Agatha Christie berritzat hartzen dute askok. Bere eleberri gehienak Viktoria erreginaren agintaldian girotuak dira, eta beren osagai aipagarrienak pertsonaiak dira, egileak pertsonaiez egiten duen ikerketa, zehazkiago. Pitt inspektorea da bere eleberri askotako protagonista, gizakiaren ahultasunaren aurrean eskuzabal eta ulerkor jokatzen duen gizona; ez da harritzekoa ezaugarri horiez hornitu izana bere protagonista, izan ere, egileak berak esan ohi duenez, bere helburua da irakurleei ulertaraztea gizakia une jakin batzuetan edozer egiteko gai izan daitekeela, eta ezin dugula inor arintasunez epaitu. Carter Streeteko hilketak (1976) lanarekin hasi zen ospea irabazten, eta haren ondoren argitaratu zituen Pentecost Alleyko prostituta, Tamesisen itoa, Callanter Squareko hilotzak, Cardington Crescenten pozoitzen, etab.