perrexil
iz. Belar landare ginbailduna, oso usaintsua, janariak ontzeko erabiltzen dena (Petroselinum crispum). Azenarioaren antzeko sustrai zuria, zurtoin zuzen adartsua eta hiru zatiz osatutako hosto berde distiratsua izaten ditu. Fruituak kusku egiturakoak eta zisku txikitan banatuak ditu. Landare guztia da usaintsua. Berez Mediterraneo itsasoaren inguruetako eskualdeetan hazten da perrexila, baina handik kanporako beste lurralde askotan ere zabaldua dago gaur. Janariak ontzeko erabiltzen da gehienbat (zurtoina eta hostoak), baina beste erabilerak ere baditu: hazia esentziak egiteko erabiltzen da, esate baterako, eta sustraia, edabe modura prestatuta hartuz gero, gernua eragiteko eta digestioa errazteko.