Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

perretxiko

iz. Oin eta txapel batez osaturiko edozein onddo.  v Bot. Goi mailako hainbat onddo motaren izena. Perretxiko izena ematen zaiona lurpean edo enbor batean sortzen den landare baten ageriko atala besterik ez da, fruitua edo esporak sortzen dituena. Perretxikoak landare horretan duen eginkizuna esporak sortzea da, eta horiek barreiatuz landarearen ugalketa eragitea. Perretxikoaren ezkutuko atala, lurpean dagoena (mizelioa), hari fin batzuez (hifaz) osatuta da. Klorofilarik ez dute perretxikoek, eta ez dira bizitzeko behar duten hazkurria fotosintesiaz bereganatzeko gai. Hazkurria bereganatzeko perretxikoak mizelioaz baliatzen dira; mizelio horrek irazten dituen entzimen eraginez, itsatsia dagoen oinaren zenbait gai desegiten du eta hari ateratzen dio behar duen hazkurria. Esporen bidez ugaltzen dira; milioika espora barreiatzen dituzte, eta espora batek leku egokia aurkitzen duenean erne egiten da eta mizelio berria sortzen du. Mizelio hori bere motako beste mizelio batekin aurkitzen bada, beste perretxiko bat sortzen da. Bi atal nagusi izaten ditu perretxikoak: oina eta txapela. Esporak edo haziak txapelaren azpiko xaflen artean edo espora hodietan edukitzen ditu. Perretxiko gehienak basidiomizetoen klasekoak dira, baina perretxikotzat hartzen dira zigomizetoen eta askomizetoen klaseko zenbait mota ere, mortxelak eta trufak adibidez. Perretxiko ordenarik ezagunenak ziza-horiak, agarikoak, esne perretxikoak eta onddoak dira.