paleosiberiar
iz. eta izlag. Etnogr. Siberiako ipar-ekialdeko antzinako leinuetako kideez esaten da. Paleosiberiarrak haien aurretik lurralde hartan bizi izan ziren neosiberiarren ondorengoak direla uste dute adituek. Chukchi, Koryak, Kamchadal, Yukaghir eta Ket herriek osatzen dute leinu paleosiberriaren saila. v Paleosiberiar hizkuntzak. Asia iparraldean erabiltzen diren hizkuntzen saila, ienisei, luorawetlan, yukaghir eta gilyak multzoetako hizkuntzek osatua. Ienisei multzoko lau hizkuntzetatik Ket hizkuntza bakarrik erabiltzen da gaur egun (1.000 hiztun inguru). Luorawetlan multzoa bost hizkuntzetan banatzen da: chukchi (13.000 hiztun), koryak (8.000 hiztun), kamchadal, kerek eta aliutor. Yukaghir multzoko hizkuntza bizi bakarra odul-a da. Gilyak multzoa izen bereko hizkuntza bakarrak osatzen du (4.000 hiztun).