Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

paleontologia

iz. Geologia aldietako izaki biziak fosilen azterketaren bidez ikertzen dituen jakintza.  v Paleontologiaren sorrera eta adarrak. Paleontologia XVIII. mendean sortu zen zientzia gisa; Georges Curvier izan zen horretan eragile nagusia. Paleontologiaren eginkizuna biziaren sorrera eta bilakaera ikertzea da. Horretarako, antzinako landareen eta animalien fosilez baliatzen da batez ere. Hainbat jakintza alor biltzen ditu barnean: adibidez, paleozoologia, antzinako animaliak aztertzen dituena; paleobotanika, antzinako landareak aztergai dituena; paleobiogeografia, antzinako izaki bizien banaketaz arduratzen dena, eta paleoekologia, antzinako eguratsaren ezaugarriak aztertzen dituena. Halaber, lotura estua du beste jakintza batzuekin; geologiarekin, esaterako, fosilak eta horiek dauden harri geruzak aztertzean jakin baitaiteke zein garaitakoak diren harriak zein fosilak.  v Biziaren sorrera eta bilakaera paleontologiaren argitan. Ezagutzen diren izaki bizien fosilik zaharrenak Kanbriarraurrekoak dira (orain dela 3.000 milioi urte ingurukoak) eta organismo mikroskopikoen (bakterioen eta alga urdin-berdaxken) fosilak dira. Era Primarioan edo Paleozoikoan (orain dela 600-225 milioi urteen artean) bizia ugarituz joan zen itsasoan; alga berdeak eta protozoo zelula-bakarrak eratu ziren; baita lehen animalia zelula-anitzak ere, anelidoak, ekinodermoak, oskoldunak, gasteropodoak eta artropodoak (trilobiteak), besteak beste. Orain dela 400 milioi urte (Siluriarrean), lehenengo ornodunak eratu ziren: barailarik gabeko arrainak (agnatoak). Aldi berean, ura garraiatzeko barruan hodi bat zuten landareak, uretatik kanpora bizitzeko gai izan ziren; eta lehenengo animaliak ere (artropodoak, luzakin giltzatuak zituztenak) lehorrean bizitzera moldatu ziren. Devoniarrean (orain dela 350 milioi urte) koralak eratu ziren itsaso epeletan eta arrain barailadunak eta anfibioak sortu ziren; aldi hartan hazi ziren lehorrean lehenengo basoak (iratze-basoak). Dena den, baso horiek Karboniferoan (orain dela 345-280 milioi urte), hedatu eta garatu ziren kontinente guztietan (iratze erraldoiak sortu ziren). Paleozoikoaren bukaera aldian (orain dela 300 milioi urte inguru) anfibioak ugaldu ziren eta haien ondorengoek, narrastiek, neurriz oso handitu ziren. Era Sekundarioa edo Mesozoikoa orain dela 225 milioi urte hasi eta duela 65 milioi urte amaitu zen. Aro haren hasiera aldian, Triasikoan (orain dela 225-193 milioi urte), landare gimnospermoak ugaldu ziren, batez ere koniferoak (gaurko pinuen arbasoak). Itsasoan soinbera mota berriak eratu ziren (ammoniteak eta belemniteak, besteak beste). Jurasiko aldia (orain dela 193-136) narrastien aldia da, garai hartan dinosauroak sortu eta garatu baitziren Lur osoan; baina Kretazeoan (orain dela 136-65 milioi urte) bat-batean desagertu ziren. Dinosauroak galdu ziren garai bertsuan hegaztiak sortu eta garatuz joan ziren. Azkenik, Tertziarioa edo Zenozoikoa (orain dela 65 milioi urtetik duela 2 milioi urte arte) ugaztunen aroa da; Paleozenoan (orain 65-54 milioi urte) Lurreko klima hoztu zelarik, ugaztun odol-beroak narrastiak baino askoz ere hobeto zeuden moldatuta egoera berriari aurre egiteko. Hala, mamuta, errinozero iletsua, haitzuloetako hartza eta klima hotzetan bizirik irauteko gai izan ziren beste ugaztun batzuk ugaldu ziren. Kuaternarioan (orain dela 2 milioi urte inguru) sortu zen gizonaren lehen arbasoa (Austrolopithecus) eta haren bilakaeraz eratu zen gaurko gizona (Homo sapiens).