Paleolito
Historiaurreko aroa, lehen gizona harria lantzen hasi zenetik Mesolitora arte hedatzen dena. Oso aldi luzea da, antzinako gizonak sortu zuen lehen kulturarekin hasi baitzen, orain dela 1.000.000 urte inguru, eta K.a. 10000. urte ingurua arte luzatu baitzen. Denbora luze horretan hainbat gizon mota sortu eta galdu ziren, harik eta haien bilakaeraz Homo sapiens sapiens (gaur egungo gizona) azaldu zen arte. Paleolitoari harri landuaren aldia deitzen zaio; antzinako gizon mota bakoitzak, ordea, modu berezi batez lantzen zuen harria, gero eta trebetasun handiagoz egiten baitzuen lan. Hori dela eta, historiaurreko aldi luze hura egokiago aztertzeko hiru arotan banatu da Paleolitoa: Behe Paleolitoa, Erdi Paleolitoa eta Goi Paleolitoa. Halaber, aro horietako bakoitza hainbat alditan banatu da, aro bakoitzean bizi ziren gizon motak eta, batez ere, harria lantzeko erabiltzen zituzten teknikak errazago sailkatzearren. v Behe Paleolitoa (K.a. 1000000. urte ingurutik K.a 150000 urte ingurua arte). Homo habilis eta, batez ere, Homo erectus gizonak bizi izan ziren aldi hartan. Pebble kultura da ezagutzen den zaharrena, eta Olduwaiko aztarnategian (Tanzanian) kultura hartako hainbat tresna aurkitu dira, oso sotilak guztiak ere: kolpe bakar batzuez egindako harribilak edo harri ahodunak, batez ere. Hala ere, benetako harri landuak, Behe Paleolitoaren erdialdekoak dira, Acheul aldikoak, batik bat; Saint-Acheul herriaren inguruan (Frantzian) Mindel glaziazioko (orain dela 700.000 urteko) esku aizkorak eta bi aldeetatik landutako harriak aurkitu dira. Kultura hartako aztarnak Europan izan ezik, Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Asian ere aurkitu dira. Behe Paleolitoaren bukaeran (Riss glaziazioaren bukaeran, orain 200.000 urte inguru) Homo erectus galdu zen eta gizon mota berri bat sortu zen, Homo sapiens. v Erdi Paleolitoa (K.a. 150000. urte ingurutik K.a. 40000. urte inguru arte). Aldi hartan, Riss eta Würm glaziazioen artean, Homo sapiens neanderthalensis gizona sortu zen, Neanderthalgo gizona. Esku aizkorak gero eta hobeto egin zituen gizon hark, eta sukarrizko xaflak, geziak eta eginkizun jakinetarako beste tresna batzuk ere asmatu zituen. Kultura hari Moustier aldia deitzen zaio, Dordoinako Le Moustière haitzuloan aurkitu ziren aztarnak direla eta. Neanderthalgo gizona klima hotzetan bizitzeko gai izan zen eta taldean bizi eta ehizatzen zuen; badirudi hitz egiteko gaitasuna bazuela eta naturaz gaindiko kezkak ere bazituela. Europa guztian hedatu zen kultura hura; Asian eta Afrikan, aldiz, oso urriak dira haren arrastoak. v Goi Paleolitoa (K.a. 40000 urtetik K.a. 9000. urtea arte). Aldi hartan, Homo sapiens sapiens (Cro-Magnon) gizon mota sortu zen eta Neanderthalgoa galdu zen. Hala ere, badirudi bi giza arrazak batera bizi izan zirela aldi labur batez. Lau aldi nagusi bereizten dira Goi Paleolitoan: Perigord aldia, Aurignac aldia, Solutre aldia eta Madeleine aldia. Gizonak harria eta hezurra gero eta trebetasun handiagoz lantzen ikasi zuen eta xehetasun handiko tresna fin eta txikiak egiteko gai izan zen: geziak, arpoiak edo jostorratzak larrua josteko, besteak beste. Artea ere landu zuten eta haitzuloetako pinturez gainera, eskultura txikiak ere egin zituzten harriz zein hezurrez; aipagarriak dira Venusak edo emakume haurdunen eskulturak. Pintura ugariak eta indar handikoak dira; Madeleine aldian koloreak erabili zituzten eta animaliak naturalismo eta finezia handiz irudikatu zituzten hormetan. Hainbat interpretazio egin dira arte horrek zuen egitekoari buruz; ehizaren eta emankortasunaren inguruko errituekin lotzen dute aditu batzuek, gizonak bere barreneko kezkak artearen bidez kanporatzeko duen senaren adierazpide da beste zenbaitentzat, eta badira munduaren ikuspegi oso bat ikusten dutenak irudiotan ere. v Paleolitoa Euskal Herrian. Behe Paleolitoko oso aztarna gutxi da Euskal Herrian eta Acheul aldiaren bukaerakoak dira gehienak; aldi hartako suharrizko esku aizkora batzuk aurkitu dira Aizpitarte, Aitzabal eta Arlanpeko haitzuloetan. Erdi Paleolitoko aztarnak, aldiz, ugariak dira oso. Aipagarriak dira, besteak beste, Axlor, Lezetxiki, Olha, eta Isturitzeko haitzuloetan aurkitu diren aztarnategiak. Horien arabera, Neanderthal gizona bizi izan zen Euskal Herrian. Aurkitu diren animalien aztarnengatik, aldi hartako klimak epela behar zuen izan hasieran, Merk errinozeroaren, lehoiaren eta leopardoaren hezurrak aurkitu baitira haitzuloetan. Alabaina, gero, Erdi Paleolitoaren amaieran, klima hoztu zen guztiz, errinozero iletsuaren, mamutaren eta elur-oreinaren aztarnak ageri baitira. Goi Paleolitoko aztarnak ugariak eta aberatsak dira. Cro-Magnongo gizona bizi izan zen Euskal Herrian, haren hezurren eta tresnen aztarna ugari aurkitu baita; era berean, hormetako pinturak, irudiak eta arte adierazpenak eriden dira. Aipagarriak dira Izturitze, Ekain, Altxerri, Santimamiñe eta Aizpitarteko haitzuloak, besteak beste. Dena den, hirurogeitik gora aztarnategi eta haitzulo arakatu dira dagoeneko. Goi Paleolitoko haitzulo gehienak kostaldean eta behealdean daude; horrek esan nahi du garai hartan klima hotza zela eta leku garaiak ez zirela egokiak bizitzeko. Kostaldearen inguruan bizi zirenez, arrantzak garrantzi handia bide zuen Cro-Magnon gizonarentzat, hala adierazten dute aurkitu diren arrantzako tresnen aztarnak (arpoiak eta hezurrezko amuak).