Pakula, Alan
Estatu Batuetako zinema zuzendaria eta produktorea (New York, 1928 - New York, 1998). Antzerkian diplomaduna Yaleko unibertsitatean. 1949an Hollywooden hasi zen lanean, Warner produkzio etxeko marrazki bizien sailean laguntzaile gisa. Produkzio laguntzaile izan zen luzaroan Paramount estudioetan harik eta Robert Mulliganekin batera bere produkzio etxea sortu zuen arte. 1969an egin zuen lehen filma, The Sterile Cuckoo (Kuku antzua). Arrakasta handia izan zuen 1971n egin zuen Klute filmarekin. Filmak: All the President’s Men (1976, Lehendakariaren gizon guztiak, Watergate auziaz), Comes a Horseman (1978, Badator zalduna), Sophie’s Choice (1982, Sophieren erabakia), Dream lover (1986, Ametsezko maitalea), Orphans (1987, Umezurtzak), Presumed Innocent (1990, Ustez errugabea). Ia hil zen arte jarraitu zuen lanean. Azken urteetan egin zituen film nagusiak Pelikano txostena (1993) eta Deabruaren itzala (1997) dira.