Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

PAL

(Ing. Phase Alternation Line). Koloretako telebista sistema, W. Bruch ingeniari alemaniarrak asmatu zuena. Ipar Ameriketako NTSC (National Television System Committee) sisteman oinarritzen da, baina berrikuntza handiak ditu haren aldean. NTSC sistemak hiru kolore (gorria, berdea eta urdina) igortzen ditu eta beren uhin zabaltasuna modulatzen du; kolore horien bizitasuna, berriz, uhin eroale laguntzailearen desfasearen bitartez seinalatzen da. Horrek bezala, PAL sistemak ere kolorearen informazio guztiak batera transmititzen dizkio uhin laguntzaileari; informazio hartzaileak, ordea, ez ditu datu guztiak berehala erabiltzen, tartekatuak baizik, hala, bi lerroz behin biltzen dira datuak: zuri-beltzeko lerro baten atzetik koloretako lerro bat dator, eta bi lerroak elkarren gainean jartzen direnean, desfasean sortutako akatsak automatikoki zuzentzen dira. PAL sistema Europan erabiltzen da, Frantzian eta Ekialdeko herrialdeetan izan ezik (hauetan SECAM sistema erabiltzen dute). ik. NTSC, SECAM.