Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pakistan

(Izen ofiziala, Pakistango Islamiar Errepublika; Urdu hizkuntzaz, Islam-i Jamhuriya-e Pakistan). Asiako hegoaldeko estatua. 778.720 km2 eta 165.803.560 biztanle (2006, pakistandarrak). Mugak: iparraldean, Afganistan; ipar-ekialdean, Txina; ekialdean eta hego-ekialdean, India; hegoaldean, Arabiako Itsasoa; mendebaldean, Iran eta Afganistan. Hiriburua: Islamabad (794.531 biztanle, islamabadarrak). Hizkuntza: urduera (ofiziala). Erlijioa: islama (ofiziala). Etniak: punjabiak, paxtunak (pathanak), sindhiak, balochak, muhajirrak. Dirua: rupia.  v  Orografia eta hidrografia. Pakistango lurraldean lau alderdi nagusi bereizten dira. Iparraldea menditsua da, Himalaiako Karakoram eta Pamir mendikateek hartzen baitute; han daude munduko mendi garaienetako batzuk: K2 edo Dapsang (8.611 m) eta Nanga Parbat (8.126 m). Pakistango lurraldearen ardatza Indo ibaiaren ibarra da, lurralde osoaren ia bi herenak hartzen dituen eta oso lur emankorrak dituen ordoki zabala, iparraldeko Potwar goi-ordokiaren eta Arabiako Itsasoaren artean dagoena. Mendebalean eta hego-mendebalean Balutxistango goi-ordoki guztiz idorra dago (300 m), Sulaiman eta Kirthar mendikateek Indoren ibarretik bereizten dutena. Hego-ekialdea Indiako mendebaleko Thar basamortuak hartzen du. Pakistango lurraldearen egitura dela eta lurrikarak izateko arriskua dago, Quetta inguruetan eta iparraldean, batez ere. Pakistango ibai nagusia Indo ibaia da, iparraldetik hegoaldera lurralde osoa igaro eta ura Arabiako Itsasoan isurtzen duena. Indoren adar nagusiak Chenab, Jhelum, Ravi eta Sutlej ibaiak dira.  v  Klima eta landaredia. Pakistanek klima kontinentala du, eta hotz-beroan gorabehera handiak izatea du ezaugarri nagusia. Neguan batez beste 14 °C izaten dira Indoren ibarrean, 20 °C kostaldean eta -20 °C iparraldeko mendi garaietan. Udan, berriz, 29 °C kostaldean, 35 °C hego-ekialdeko basamortuan eta 0 °C iparraldeko mendietan. Pakistan oso idorra da, Indo ibarrean, Potwar goi-ordokian eta Himalaia aldean izan ezik. Hego-mendebaleko montzoiak euria dakar uztailetik urrira: 150-200 mm euri kostaldean, 380 mm Indoren ibarrean eta 1.000 mm eta gehiago iparraldeko mendialdeetan. Euriak, nolanahi ere, gorabehera handiak ditu eta orain lehorteak orain uholdeak izaten dira. Mendialdeko basoetan eta nekazaritzarako erabiltzen diren lur oparoetan izan ezik Pakistanen urria da landareria: belar luzea, zuhaixkak eta zuhaitz gutxi batzuk.  v  Biztanleak. Pakistango biztanleriaren substratu etnikoa askotarikoa da, historian zehar askotan inbaditu den lurraldean baita: dravidak, ariarrak, greziarrak, eszitak, hunoak, arabiarrak, mongoliarrak, persiarrak, turkiarrak eta afganiarrak. Gaur egun punjabiak dira gizatalde nagusia. Azkeneko urteetan jende asko etorri da Indiatik. Biztanle kopurua % 3,1 handitu da urtero 1980 eta 1996 bitartean, jaiotza tasa handia baita (5,2 seme-alaba emakume bakoitzeko), eta osasun eta higiene baldintzak pixka bat hobetu direlako. Bizi itxaropena 63 urtekoa da. Biztanle gehienak herrietan bizi dira; hirietan ez da heren bat besterik bizi. Hiriburuaz gainera, Karachi (5.200.000 biztanle), Lahore (2.955.000 biztanle) eta Faisalabad (1.104.209 biztanle) dira hiri nagusiak. Erlijioz, biztanle gehien-gehienak (% 95) musulmanak dira (bostetik lau sunniak dira eta gainerakoak xiitak). Gainerako erlijioen artean, kristautasuna (% 2) eta hinduismoa (% 1,6) dira nagusiak. Pakistango hizkuntza ofiziala urduera da, baina jende gutxik erabiltzen du ama hizkuntza gisa. Ingelesa ere ofiziala da, eta pakistandar elitearen eta gobernuko ministroen “lingua franca” da. Punjabia da hizkuntzarik mintzatuena (% 48), eta ondoren datoz sindhia (% 12), sirakia (% 10), paxtuera (% 8), urduera (% 8), etab. Alfabetatze maila % 38 da (gizonezkoak % 50 eta emakumezkoak % 24).  v  Ekonomia. 1965etik 1980ra Pakistango ekonomia % 5,1 hazi zen urtero, 1970 ondoko gerra zibila eta Ekialdeko Pakistango banakuntza gorabehera. Hurrengo hamarraldian, ekonomiaren liberalizaziorako politikak indarrean jarri ondoren, % 6 hazi zen. Hala eta guztiz ere, biztanle gehienak pobreak dira, eta nekazaritzaren emaitzen mendean daude. Biztanle hazkunde tasa handiaren ondorioa da hori, neurri batean, baina baita faktore politikoena ere: gastu militarrek, adibidez, ekonomiaren hazkundea eta modernizazioa eragozten dute. Pakistango gobernuak herrialdeko ekonomian esku hartzen du, eta 1970 ondoko urteetan industria nagusi gehienak nazionalizatu zituen. 1980tik aurrera, ekonomiaren hazkundea sustatzeko eta lanpostuak sortzeko gobernuak hartu zituen neurrien artean, estatuaren esku hartzea gutxitu zen, eta, aurreneko aldiz, lehen estatuak bakarrik kontrolatzen zituen sektoreetan sartu ahal izan ziren enpresa pribatuak. Ekonomiaren aurreabidearen eragozpen handiena baina gastu militarrak dira, estatuko aurrekontuaren heren bat hartzen baitute.  v  Pakistango lurraldearen laurden bat –Indus ibarra– erabil daiteke nekazaritzarako. Biztanle aktiboen erdiak dira nekazari. 70eko hamarraldiaren bukaeran, nekazaritzaren erreforma egin zen: lurjabe handien eskuetan zeuden 1,2 milioi hektarea hartu zituen estatuak, eta horien erdiak maizterren artean banatu zituen. Handik aurrera pertsona bakoitzak 40 hektarea eremu ureztatu edo 81 hektarea eremu lehor izan ditzake gehienez. Pakistan garia esportatu beharrean izaten zen lehen, baina 1970-1980 bitartean biztanleen beharrak asetzeko adina gari ekoiztea lortu zuen, eta, gainera, munduko arroz esportatzaile handiena da. Gaur egun, azukre kanabera, garia, arroza, kotoia eta artoa dira gehien ekoizten dituen gaiak. Bestalde, herrietan bizi den jende gehienak abereak hazten ditu. Belutxistango goi-ordokian eta beste goialde idorretan bizi direnak ere artzantzatik bizi dira, eta bizimodu nomada edo erdinomada egiten dute. Arrantza baliabideak behar bezala ustiatu gabe daude oraindik, baina garrantzi handikoak dira. Sardinak, marrazoa, antxoak eta mariskoa dira harrapakin inportanteenak. Mea baliabide nagusiak igeltsua, gatza, kareharria, bauxita, kromoa eta ikatza dira. Petrolioa eta gas naturala ere badira. Industria atzeratuta dago, eta nekazaritzako gaien transformazioan oinarritzen da batez ere. XX. mendearen azkeneko urteetan sektore pribatuaren inbertsioak sustatu dira, baina, hala ere, estatuaren eskuetan daude oraindik produkzio lantegi handiak (zementua, ongarriak, altzairua…).  v  Gobernua eta gizartea. Pakistango konstituzioaren arabera lehendakariak du legegintzako aginpidea. Lehendakariak Nazio Biltzarrean gehiengoa duen alderdiko burua izendatzen du Lehen Ministro. Administrazioari dagokionez Pakistan lau probintziatan (Balutxistan, Ipar-mendebaleko Muga, Punjab eta Sind) eta barruti federal batean banatua dago. Gizarte laguntzaren babesa oso mugatua da. Osasun zerbitzuak urriak dago eta mediku eta erietxe falta da; osasun egoera, horrenbestez, ez da ona. Bizi itxaropena 60 urtekoa da gizonezkoentzat eta 61 urtekoa emakumezkoentzat. Lehen mailako ikasketak dohain dira baina haurren erdia baino ez da eskolara joaten. Pakistango biztanleen hiru laurdenak alfabetatu gabe daude. Unibertsiateak eta goi mailako ikasketak egiteko ikastetxeak dira hiri nagusietan. Lehen unibertsitatea 1882an sortu zen.  v  Kultura. Pakistango kultura adierazpen nagusia poesia da, poesia emanaldiak bereziki. Poetak heroitzat hartuak ohi dira. Guztien artean garrantzitsuena Mohamed Iqbäl (1876-1938) olerkaria eta filosofoa izan da, haren ideiak Pakistan modernoaren oinarritzat hartu baitira.  v  Historia. Balutxistanen aurkitutako aztarnek gizakia K.a. 3500 urte inguruan alderdi haietan bizi izan zela frogatzen dute. Balutxistango biztanleak Indo ibaiaren ibar aldera joan ziren, eta alderdi hura (gaur egungo Sind eta Punjab probintziak batez ere), mendeetan zehar, kultura eta zibilizazio askoren topaleku izan zen. K.a. 1500 urtea arte gutxi gorabehera harappa zibilizazioa gailendu zen lurraldean. Ondoren ariar herriak sartu ziren. K.a. VI. mendetik aurrera Ghandarako eskualdeak garrantzi handia izan zuen. K.a. V. mendearen hasieran Dario I.a Persiako erregeak hartu zuen lurraldea, eta K.a. 327an Alexandro Handiaren mendean geratu zen. III. mendetik aurrera Pakistan Indiako Maurya inperioaren barruan izan zen, eta ondoren, K.o. I-III. mendeetan Indiako Kusan erreinuaren mendean. 320-480 bitarteko urteetan Gupta dinastiak izan zuen aginpidea Indiako iparralde osoan eta Indoren ibarrean. K.o. VIII. mendean arabiarrak Balutxistanetik barrena sartu ziren Pakistanen, islama zabaldu zuten eta aginpideari eutsi zioten XVI. mendea arte. Hurrengo bi mendeetan Pakistan Indiako mongolen inperioaren mendean egon zen. XVIII. mendean mongolen inperioa ahulduz joan zen.  v  India hartua zuten britainiar kolonizatzaileen aginpidea handituz eta hedatuz joan zen Pakistanen XIX. mendean zehar. Britainiarren mende izan zen garaian Pakistan Indiaren parte bat zen. 1906an musulmanek India osoko Liga Musulmana sortu zuten, islamiar herriaren nortasuna hinduen eraginetik babesteko. Britainia Handiak Indiari autogobernua ematea onartu zuenean musulmanak hinduen mende geratzeko beldur ziren, eta 1940an Mohamed Ali Jinnah Liga Musulmanaren buruzagiak estatu burujabe bat proposatu zuen musulmanentzat. Gandhi eta Nehru, Indiako buruzagi hinduek, eta beste musulman batzuek, India zatitzearen aurka baziren ere, 1946. urteko hinduen eta musulmanen arteko borroka odoltsuak batasuna bideraezin bihurtu zuten. 1947an Pakistanek burujabetasuna erdietsi zuen.  v  Pakistan burujabea. Pakistan bi zatitan banatua zegoen: Mendebala eta Ekialdea (Bengala); tartean India zegoen. Sind, Balutxistan eta Ipar-mendebaleko Muga probintziak Pakistanen baitan geratu ziren, Punjab eta Bengala Indiaren eta Pakistanen artean banatu ziren, eta Kaxmirren gatazka gogorrak izan ziren, estatu bakoitzak beretzat eskatzen baitzuen lurralde hura. Jinnah Pakistango lehendakaria 1948an hil zenean liskar gogorrak izan ziren Pakistango buruzagien artean, batzuk demokrazia ezartzearen aldekoak baitziren eta besteak, berriz, Pakistan islam erlijioaren arauen arabera gobernatzearen aldekoak. Urte nahasiak izan ziren, istilutsuak. 1956ko konstituzioaren arabera Pakistan Islamiar Errepublika bilakatu zen. Urte horretan bertan, Kaxmir beretzeko ahaleginek Indiaren eta Pakistanen arteko gerra ekarri zuten; Nazio Batuaren bitartekaritzaz bi partetan banatu zen Kaxmir; dena den, aurrerantzean istiluak izan ziren. 1971ean gerra zibila piztu zen Sortaldeko Pakistanek burujabetasuna aldarrikatu zuenean. Indiako gudarosteak Pakistango alderdi batzuk hartu ondoren Pakistanek Bengalaren burujabetasuna onartu behar izan zuen (1972); estatu berriak Bangla Desh izena hartu zuen. Banakuntzak krisi sakona sortu zuen Pakistanen. Yahya Khan lehendakariak bere kargua utzi zuen, eta Zulfikar Ali Bhutto-k hartu zuen haren lekua. 1973an Bhuttok lehendakaritza utzi eta Lehen Ministro kargua hartu zuen. Bhuttoren gobernuak, sozialismoan oinarriturik, gudarostearen eta administrazioaren erreforma bultzatu zuen, irakaskuntza laikoa eta doakoa, bideratu zuen, eta enpresak eta banketxeak nazionalizatu zituen. Bhutto Indiarekiko harremanak hobetzen saiatu zen eta aginpide osoa ematen zion konstituzioa onartu zuen, herriaren haserrea eta liskarrak ekarri zituena. 1977ko hauteskundeetan Bhuttoren Pakistango Herriaren Alderdia (PHA) atera zen garaile, baina handik hilabete gutxira Mohamed Zia-ul-Haq jeneralak estatu kolpea jo eta erregimen militarra ezarri zuen Pakistanen. Ziak hartu zuen lehendakaritza. 1979an Bhutto hiltzera zigortu zuten. 1979an Sobietar Batasunak Afganistan hartu zuenean, Pakistanek Estatu Batuen eta herrialde musulmanen laguntza izan zuen. Hurrengo urteetan ehunka mila afganistandar joan zen Pakistanera babes bila. Ziaren gobernuaren aurkako oposizioa gero eta handiagoa zelarik, lehendakariak hauteskunde deia egin zuen, baina oposizioa osatzen zuten hamaika alderdien koalizioari parte hartzea debekatu zitzaion. Urte horretan bertan erregimen militarra deuseztatu eta 1973ko konstituzioa indarrean jarri zuen berriro. 1986an Bhutto Lehen Ministro ohiaren alaba, Benazir Bhutto, Pakistanera itzuli zen eta PHAren buru izendatu zuten. 1988an Zia hegazkin istripu batean hil zen eta Ghulam Ishaq Khan-ek hartu zuen lehendakaritza. Urte bereko azaroan egin ziren lehen hauteskunde demokratikoak. Bhutto atera zen garaile eta urte bereko abenduan Lehen Ministro izendatu zuten. 1990ko hauteskunde aurreratuetan ordea Islamiar Itun Demokratikoa alderdia atera zen garaile eta alderdi horretako burua, M. Miam Nawaz Sharif, izendatu zuten Lehen Ministro Bhuttoren ordez. 1992an Pakistango gudarosteak aurre egin zien, lehen aldiz, Sind-eko arma eta droga trafikatzaileei, eta ustelkeriari; ekintza orren ondorioz 687 polizi kargutik egotzi zituzten. Bestalde, istilu handiak izan ziren hinduek Indiako mezkita bat suntsitu, eta ordainez, pakistandarrek hinduei, eta haien tenplu eta etxeei eraso zietenean. 1993ko hauteskundeetan B. Bhutto atera zen garaile, eta Lhen ministro izendatu zuten irailean. Hile horretan bertan Faruq Legari izendatu zuten estatuburu.  v  Persiako Golkoko gerra hasi zenean, Pakistanek Estatu Batuen alde egin zuen, eta gudarosteak bidali zituen Saudi Arabiara. Berehala Pakistango herria irakiarren alde azaldu zen, eta Pakistango gobernuak ez zuela guduetan parte hartuko eta ez zela Iraken sartuko hitz eman behar izan zuen; bakar-bakarrik, islamaren santutegiak babestuko zituela jakinarazi zuen. Lehen Ministro hautatu berriak, Nawaz Sharif-ek, ekonomia berritzeko eta inbertsio pribatua sustatzeko plangintza prestatu zuen. Besteak beste, enpresa publikoak pribatizatzea proposatzen zuen, baina proposamenak sektore horretako langileen (300 mila inguru) protestak eragin zituen. Horrez gainera, Sharifek herrialdea “berriro islamiartzea” proposatzen zuen, aurreko gobernuan –Benazir Bhuttoren agintaldian, alegia– erlijioak atzera egin zuelakoan. Horretarako lege islamiarra jarri zuen indarrean, sharia, lehenengo eta behin emakumeen egoera sozial eta juridikoaren kalterako izan zena. Gobernuak emakumeen dibortzio eskubideaz aipamenik egitea ere debekatu zien hedabideei. 1991ko azaroan eskandalu politiko administratibo handi bat izan zen. Oposizioak diru publikoaren iruzurrezko erabilera leporatu zion Sharifi. Bera izan zen, nonbait, kreditu kooperatiba batzuen porrotaren erantzulea. Ishaq Khan lehendakariaren babesak salbatu zuen erorikoaz, eta auzia epaileen eskuetan geratu zen. Pakistango Herriaren Alderdiak bultzatuta, manifestazio handiak egin ziren Lehen Ministroaren aurka, eta gobernuak gogor zapaldu zituen. Urte hartan Amnesty International inoiz baino gogorrago salatu zuen Pakistango gobernua giza eskubideak urratzeaz, eta hogei pertsonaren kontrako heriotza zigorra bertan behera uztea eskatu zuen. Giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, kondenatuak ez ziren zuzentasunez epaitu. Gobernuaren eta oposizioaren arteko borrokez gainera, Pakistanen etnien arteko borrokak izaten dira aldian behin, batez ere sindhien eta muhajirren artean. Borroka handienak Sind eskualdean eta Karachin –industriagune nagusian– izaten dira. Nazioarteko harremanei dagokienez, bestalde, sobietarrak Afagnistandik alde egiteak kinka larrian utzi zuen Pakistan. Izan ere, sobietarrek alde egin zutenez geroztik, Estatu Batuentzat Pakistanek ez du halako garrantzirik. Gainera, Sharifek hasi zuen islamiartze prozesua mesfidantzaz ikusten da Estatu Batuetatik, Pakistan inguruko beste erregimen islamiarretara hurbilduko delakoan. 1992ko otsailean, Kaxmirko mugaldeko lurraldearen inguruko gatazka zaharrak Pakistan eta India arteko gerra piztu zuen ia. Jammu eta Kaxmir Askatzeko Fronteak –mugako estatu horretan nazio independentea sortzea eskatzen duen talde musulmana– ibilaldi bat antolatu zuen Indiak eta Pakistanek erdibanatzen duten estatu horren zatiketaren aurka. Antolatzaileek mugaz bi aldeetako jendea deitu zuen muga igarotzera. Pakistango gudarosteak ibilaldia tiroz geldiarazteko agindua zuen: bost petsona hil ziren eta berrogeita hamar zauritu. Bestalde, Pakistango gobernuak arma nuklearrak egiteko programa oso aurreratua zuela iragarri zuen. Horren aurrean, Estatu Batuek languntza ekonomiko guztia ukatu zioten. Pakistanek, orduan, bere programa nuklearra aurrera ateratzeko Txinaren babes ekonomikoa eta teknologikoa zuela jakinarazi zuen. 1992ko azaroan, Benazir Bhuttok ibilaldi bat antolatu zuen, Raualpinditik Islamabadera, Sharifen dimisioa eskatzeko. Gobernuak 1.600 pertsona atxilotu zituen, Bhutto bera barne. Lehendakariak administrazio okerraz, ustelkeriaz eta nepotismoaz salatu zuen Lehen Ministroa, eta karguaren dimisioa ematera behartu zuen, 1993ko apirilean. Sharifek Justizia Auzitegira jo zuen, eta maiatzean aginpidea eskuratu zuen atzera. Sharifen itzulerak areagotu egin zuen haren eta lehendakariaren arteko gatazka. Batak zein besteak karguaren dimisioa eman zuten uztailean. Behin behineko lehendakariak, Moin Kureishi-k, sekula ikusi gabeko neurriak hartu zituen: legebiltzarkideei beren jurisdikzioetan dirua inbertitzeko aukera ematen zien sistema desegin zuen –ustelkeriaren iturri nagusietako bat– eta latifundioen gaineko zergak ezarri zituen. Lurjabe handiek betidanik menderatu zuten Pakistango ekonomia, eta politika sistema eta zergak ordaintzeaz salbuetsita zeuden. Urriko hauteskundeen ondoren, Benazir Bhuttok hartu zuen ostera aginpidea. Pakistango Herriaren Alderdiak 217 aulkitatik 86 eskuratu zituen, eta Sharifen alderdiak 72. Bhuttok alderdi txikien laguntza lortu zuen eta 121 botorekin berretsi zuten karguan. Azaroan, gainera, Faruk Ahmed Leghari (Pakistango Herriaren Alderdikoa hau ere) hautatu zuten lehendakari, eta horrek Benazir Bhuttoren politika indartu zuen. Lehen Ministroa ekonomia sustatzen eta kontserbadore erlijiosoekin borrokarik ez izaten ahalegindu zen. Hala ere, fundamentalista islamiarrek Justizia ministroa salatu zuten, Pakistango biraoari buruzko legea aldatzeko proposamenari men egiteagatik. 1994-1995 urteetan Bhuttok herrialdearen demokratizazioa eta eskubide berdintasuna lortzeagatik egindako ahalegina bortxakeria politikoak eta etnikoak ilundu zuten. 1994ko abuztua eta 1995eko urria bitartean, Karachin eta iparraldeko lurralde separatistetan, 3.500 pertsona baino gehiago hil zen borrokan. Bangladeshen banankuntzaz geroko (1971) urterik odoltsuenak izan ziren haiek. 1995eko urtearen bukaeran gobernuak militar fundamentalista batzuen estatu kolpe baten ahalegina zapuztu zuen. 1996ko ekainean, Azad Jammu eta Kaxmirko hauteskundeetan hautagai independentistak debekatu izanaren kontra protestan ari ziren ehunka pertsona atxilotu zituzten. Benazir Bhuttoren aurkari politiko nagusietako bat, haren anaia Murtaza, poliziaren aurka borrokan hil zen, 1996ko irailaren 20an. Murtaza Lehen Ministroaren dimisoa eskatzen zuen gerrilla talde baten burua zen. Bhutto anaia-arrebak aurkariak ziren aita kargutik kendu zutenetik, 1977tik. 1996ko azaroan, Bhutto ustelkeriaz akusatu zuten, eta bere funtzioen dimisioa ematera behartu. Orduan Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren eta Pakistango Herriaren Alderdia galtzaile atera zen, 217 aulkietatik 19 besterik ez baitzituen eskuratu. Lehen Ministroa izan zen Nawaz Sharifen alderdiak, berriz, 136 eskuratu zituen. 1997an Amnesty International taldeak Pakistango preso politikoen kontrako torturak eta tratu txarrak salatu zituen. Gainera, desagertutako eta epaiketarik gabe hilarazitako pertsonen zerrenda aurkeztu zen. Kaxmirren Indiaren eta Pakistanen arteko gatazkak bere horretan jarraitu zuen. Indiak lurralde hori berea zuela-eta ez zuela negoziatuko zioen bitartean, Sharifen gobernuak autodeterminazio erreferenduma egitea proposatzen zuen. Bi herrialdeen arteko gatazkak okerrera egin zuen 1998ko maiatzean, Indiak saio nuklearrak egin zituelarik Pakistenek proba atomikoak eginez erantzun zuenean. Sharifen gobernua korrupzio giro gero eta handiagoan zegoela-eta, Pervez Musharraf jeneralak esku-hartze militarra zuzendu zuen 1999an. 2007an Benazir Bhutto erbestetik itzuli zen, eta aldaketa politiko berriak egingo zituela iragarri zuen. Urte horren amaieran, ordea, atentatu batetik bizirik irten ondoren (140 pertsona hil ziren atentatu hartan), Rawalpindi hirian hil zuten Bhutto. Agintariek buruzagi talibanak salatu zituzten; haiek, ordea, ez zuten halakorik aitortu. 2008an Musharrafek dimisioa aurkeztu zuen, eta Muhammad Mian Soomrok, Senatuko Lehendakariak, ordeztu zuen behin-behinean. Urte horretan bertan izan ziren lehendakaritzarako hauteskundeak eta Asif Ali Zardari (Benazir Bhuttoren senarra) hautatu zuten lehendakari.
http://www.pak.gov.pk/